Otsailean parlamenturako hauteskundeak egin zituztenetik, katramila politikoa askatu ezinik aritu dira Kosovon. Hori dela eta, Albin Kurti lehen ministroak bozetara deitu du berriz. Gaur bozkatuko dute Kosovoko herritarrek, urtebetean bigarrenez. VV Vetevendosje (Autodeterminazioa) lehen ministroaren alderdi sozialdemokrata eta nazionalistak irabazi zituen otsaileko bozak, baina ez zuen lortu koalizio gobernu bat osatzeko behar beste babes. Oraingoan ere VV da hautagai nagusia.
Ikusi gehiago
Kurtiren alderdiak irabazi ditu legebiltzarrerako azken hiru hauteskundeak —2019an, 2021ean eta aurtengo otsailean—. Azkenekoetan, baina, VVk behera egin du: Kosovoko Asanbleako 120 ordezkarietatik 55 lortu zituen 2021ean, eta 48 aurten. Gehiengo osoa edukitzeko hirurogei eserleku behar dira.
Gehiengoa izan gabe ere ordezkaritzarik handieneko alderdia denez, Kurtiren alderdiak modua izan du Kosovoko Asanbleako presidentetarako norbait proposatzeko. Eta presidentea hautatzeko prozesuak argi utzi zuen parlamentuak zailtasunak izango zituela ados jartzeko. Urte erdi baino gehiago behar izan zuten behe ganberako burua aukeratzeko; azkenean, abuztuan izendatu zuten, oposizioko ordezkari batzuen aldeko botoari esker.
Kosovon, asanbleako presidentearen ardura da hauteskundeen osteko prozesua gidatzea, haren eskumena baita parlamentuaren lan egutegia zehaztea. Hortaz, abuztu amaieran hasi zituzten gobernurako koalizio bat osatzeko elkarrizketak. Lehen ministroak ez zuen lortu, ordea, aliantzarik osatzea. Eta, azaroan, ez zuen eduki parlamentua desegitea eta bozetara deitzea beste aukerarik.
Gaurko bozen ostean, posible da gobernu bat osatzeko bidea argitzea. VVk babes zabalagoa lortzen badu, baliteke gobernua osatzeko nahikoa izatea gutxiengo etnikoen ordezkari batzuekin akordioa egitea. Asanbleako hogei eserleku gutxiengo etnikoentzat gordeak dira: hamar serbiarrentzat, eta beste hamar gainerako etnientzat. 2021eko bozen ostean, Kurtiren alderdiak gutxiengo etnikoen zortzi diputaturen babesa bilduta —besteak beste, turkiarrak, bosniakak eta erromaniak— lortu zuen gobernua osatzeko behar zuen gehiengoa.
Oposizioa sendotzen
Beste aukera bat da Kurtiren alderdiak otsailean baino ordezkari gutxiago lortzea, eta, horrela, zentro-eskuineko oposizioko blokeak izan dezake gobernua osatzeko aukera. Otsaileko bozetan 52 eserleku lortu zituzten oposizioko hiru alderdi nagusien artean —PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoa, LDK Kosovoko Liga Demokratikoa eta AAK Kosovoren Etorkizunerako Aliantza—. 2021eko emaitzekin alderatuta, lehen ministroaren alderdiak hamar ordezkari galdu zituen, eta PDK-k eta LDK-k, berriz, bosna irabazi.
Kurtiren alderdi nazionalistaren aldean, diskurtso moderatuagoa erabili du oposizioak. Lehen ministroak jarrera gogorra du Serbiarekin: eskatzen die Kosovoren independentzia aitortzeko —Kosovo 2008an banandu zen Serbiatik, alde bakarrez—.
Jarrera horren eta Kosovoko Gobernuak hartutako hainbat neurriren ondorioz tentsioa areagotu egin da, batez ere herrialdearen iparraldean —Kosovon herritar gehienak albaniar etniakoak badira ere, iparraldean gehiengo serbiarreko guneak daude—. Besteak beste, Serbiak babestutako zenbait bulego itxiarazi zituen Kurtik urtarrilean. Gisa horretako neurriak gaitzetsi egin ditu Europako Batasunak. Izan ere, Europako Batzordearen arabera, Serbiaren eta Kosovoren arteko harremana «normalizatzea» da bi estatuak talde komunitarioan sartzeko irizpideetako bat.
Besteak beste horregatik, oposizioko hiru alderdi nagusiek uko egin diote VVrekin gobernu koalizioa osatzeari. Oposizioak prestasun handiagoa agertu izan du Belgradekin eta nazioarteko komunitatearekin hitz egoteko. Bedri Hamza (PDK), Lumir Abdixhiku (LDK) eta Ramush Haradinaj (AAK) oposizioko alderdietako buruek kanpainan ziurtatu dute prest daudela elkarren artean aliantzak egiteko.