Protestak herrialde arabiarretan

Gobernuak berriz ere manifestarien aurka egin du Sirian

Gobernuak adierazi du Bashar al Assad presidenteak aurki erreforma politikoak iragarriko dituela

Erredakzioa
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Siriako Dara hirian, erreforma politikoak exijitzeko protestetan iragan astean estatuko indarrek ehundik gora manifestari hil zituzten, lekukoen arabera. Atzo, negar egiteko gasarekin sakabanatu zituzten manifestariak, eta, lekukoek diotenez, tiro hotsak ere aditu ziren. Gobernuak azken hori ukatu du, eta azken orduetan Daran tirorik egon ez dela azaldu du.

Bashar al Assad presidenteak datozen egunotan erreforma garrantzitsuak iragarriko dituela adierazi du Faruk al Shara presidenteordeak. Neurri horiek siriarren gogokoak izango direla gaineratu du.

Iragan astean, herrialdean protestak lehertzearekin bat, Assadek hainbat neurri iragarri zituen. Besteak beste, 1963tik indarrean dagoen larrialdi legea deuseztatzea hitzeman zuen.

Hamabi hildako Latakian

Assadek armadaren presentzia handitu du protestak jazo diren hirietan, besteak beste, Daran eta Latakian. Azken hiri horretan larunbatean hamabi pertsona hil ziren segurtasun indarrek manifestazio baketsu baten aurka tiro egin ostean.

Gobernuak, herenegun, predikatzaile islamista bati bota zion liskarren errua, eta baita talde armatu «misteriotsuei» ere. Oposizioko kideek, ordea, halako talderik existitzen denik ukatzen dute. Horien aburuz, presidentearen guardiako kideak eta militarrak dira manifestarien aurka tiro egin dutenak.

Bestalde, Reuters berri agentziako bi kazetari desagertuta daude. Herrialdean ziren, protesten berri emateko, eta larunbatean ziren Libanora itzultzekoak. Ordutik ezin izan dute eurekin harremanetan jarri.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.