Zer gertatuko zain daude oraindik alkandora gorridunak. Thailandiako Gobernuak atzo arratsaldera arteko ultimatuma emana zien Bangkok hiriburuko erdigunetik alde egiteko. Baina han segitzea erabaki dute gehienek. Militarrak ere leku hartan daude, eta alkandora gorridunek hartutako gunea inguratuta dute erabat. Erasoaldia hasiko duten beldurrez, prestatzen ari dira oposizioko kideak.
Armada ez da gunean sartu, baina neurriak gogortzen hasi da Thailandiako Gobernua. Argindarra eta ura eten dizkiete, eta jateko arazoak dituzte, inguruko dendak itxita daudelako eta janaria eskuratzeko bideak itxi egin dituelako armadak. Mehatxu ere egin die Gobernuak; «inguru arriskutsuan» daudela jakinarazi die, hedabideak eta airetik botatako panfletoak erabiliz. Alde egiten lagunduko diela esan die.
Inork gutxik egin die jaramon agintarien eskariei eta mehatxuei. Haurrei, emakumeei eta adinekoei handik alde egiteko dei berezia egina zien Gobernuak. Gehienek, ordea, ezetza eman diote eskariari. Han jarraitzen dute, baina inguruko tenplu batean babestu dira, zer gerta ere. Alkandora gorridunak joan daitezen egindako azken saioan, etxera itzultzeko bitartekoak jarriko dizkietela agindu die Gobernuak.
Oposizioaren baldintzak
Elkarrizketarako deiarekin erantzun du oposizioak. Weng Tojirakamerne bozeramaileak iragarri du lehen elkarrizketak hasiak dituztela dagoeneko agintariekin. Haren arabera, «itxaropentsuak» izaten ari dira bi aldeen arteko negoziazioak. Hiru baldintza jarri ditu oposizioak: Gobernuak indarkeria alde batera uztea, armadak ingurutik alde egitea eta NBE Nazio Batuen Erakundea bitartekari izatea.
Erbestetik, elkarrizketarako deia egin du Thaksin Shinawatra presidente ohiak ere. Eskari berezia egin die jarraitzaileei, alkandora gorridunei. «Amildegi honetatik urrundu, eta indarkeria politikoarekin amaitzeko elkarrizketak hasi behar dituzue», esan die. Alkandora gorridunen liderretakoa da Thaksin. Presidente zela, estatu kolpe bidez kendu zuen armadak, 2006an. Berriro bozak izan zirenean haren alderdiak irabazi zituen. Ordea, 2008an, epaileek indargabetu egin zuten PPP Herriaren Alderdi Popularra. Alderdi Demokrata jarri zen agintean orduan, eta horren karietara sortuak dira alkandora gorridunen protestak.
Gobernuak ez du baieztatu oposizioarekin negoziatzen ari dela, baina ukatu ere ez du egin. Soilik onartu du ordezkarietako batekin hitz egin duela kide batek. Zertaz aritu diren, ordea, ez du jakinarazi. Hedabideen aurrean, gainera, negoziazioei atea itxi die Panitan Wattanayagornek. Gobernuaren eledunaren hitzetan, elkarrizketak hasteko ezinbesteko baldintza da alkandora gorridunek bertan behera uztea protesta. Epe luzeagora begira jarri da, hortaz, Gobernua. «Egoera lasaitzen denean egongo gara prest berriro negoziazioei ekiteko. Alegia, protestak, indarkeria eta agintarien aurkako erasoak amaitzean». Hori bai, berretsi du ez duela onartuko kanpoko erakundeek esku hartzea. Europako Parlamentuak iragarri du gaia aztertuko duela etziko bileran.
Buruzagietako bat hil da
Armada ez da oraindik sartu alkandora gorridunek hartutako eremuan, baina bi aldeen artean erasoak etengabeak dira eta tentsioa areagotzen ari dira. Iragan ostegunean hasi ziren eraso gogorrenak, armadak ingurua hartu zuenean oposizioko kideak kanporatzeko asmoz. Harrezkero, tiro eta bonba hotsak entzuten dira Bangkoken.
Ostegunean berean, alkandora gorridunen buruzagietako bat, Khattiya Sawasdipol, larri zauritu zuen armadako frankotiratzaile batek. Kazetariekin hizketan ari zela, buruan eman zion tiroa. Bost egunean koman egon da, eta atzo hil zen. Eraso haren ondotik gogortu egin dira militarren eta oposizioko kideen arteko borrokak. Dagoeneko 36 badira ostegunaz geroztik hildakoak -horietako bat behintzat soldadua da-. Zaurituak 200 baino gehiago izan dira. Armadak baimena baitu «terroristatzat» jotzen duenaren aurka tiro egiteko. Apirilaren 3an hartu zuen oposizioak eremua. Astebeteren buruan haiek kanporatzen ahalegindu zen armada, eta 25 ekintzaile hil zituen. Protestak hasi zituztenetik, 66 pertsona hil dira.
Gobernuaren ultimatuma amaitu bada ere, gotortuta segitzen dute oposizioko kideek Thailandian
Bangkok hiriburuko protestak amaitzeko, atzora arteko epea jarri zuten; oposizioa balizko eraso baterako prestatzen ari da. Alkandora gorridunek diote negoziatzen ari direla Gobernuarekin; hark ez du baieztatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu