Astelehen gauean, Roi Dore kaleko eraikin batek su hartu zuen. Ondorioz, zazpi lagun hil ziren, haietako lau umeak, eta hamalau zauritu. Zaurituetako bi larri zeuden atzo. Ehun suhiltzaile aritu ziren sua itzaltzen. Azken lau hilabeteetan izandako hirugarren sute lazgarria izan da. 22:00etan piztu zen sua, eskailerako zuloan. Umeetako batek bere burua bota zuen leihotik, laugarren solairutik. Hildako beste seiak eraikinaren barruan aurkitu zituzten. Lehen ikerketen arabera, istripuz sortu zen sua.
Jatorriz Boli Kostakoak ziren 40 etorkin bizi ziren han, baldintza penagarrietan: kableak zintzilik eta hormak zartatuta zeuden eta urik ere ez zuten. Sutetik bizirik atera zen bizilagunetako batek jakinarazi zuenez, hainbat salaketa egin zituzten aurretik udaletxean, eraikinaren egoera kaskarragatik. Parisko 3. udal barrutiko alkate Pierre Aidenbaumek adierazi duenez, Udalak prefeturari eman zion baldintza kaskarren berri, duela bi urte. «Parisko Udaleko Siemp enpresa mistoak erosi zuen eraikina urtarrilean, baina berritze lanak ez dira hasi bizilagunak beste bizileku batzuetara eraman behar genituelako», argudiatu du. Ostiralean, beste 17 etorkin hil ziren Parisen, Vincent Aurior bulebarreko eraikin zahartu bateko sutean. Hango bizilagunek eta sostengu elkarteek manifestazioa antolatu zuten atzo, bizi-baldintza duinak exijitzeko. Joan den astean eta astelehen honetan etxerik gabe geratutakoek uko egin diote hoteletara joateari, behin betiko etxebizitzak nahi dituztelako.
Paperik gabe, bizilekurik ez
Azken lau hilabeteetan hiru sute lazgarri gertatu dira Parisen. Lehena apirilaren 24an izan zen, Provence kaleko Paris Opera hotelean. Hirian bizi diren milaka etorkinen bizi-baldintza latzen isla da hori. Gero eta jende gehiago bizi da eraikin zahartuetan, gizarte erakundeen arabera. Parisko Udalak berak aitortu du hondatutako 1.000 eraikin daudela hiriburuan eta bertan bizi direnak oso baldintza kaskarretan daudela.
Parisko Udaleko etxebizitza arduradun Jean-Yves Mano sozialistak legez kanpo lanean ari diren etorkinentzat etxebizitzak eraikitzeko eskatu zion Frantziako Gobernuari atzo. Etorkinek paperik ez dutenez, ezin dute bizilekurik bilatu. Parisko diputatu kontserbadore Claude Goasguenek, aldiz, Udalari leporatu dio erantzukizuna. Haren arabera, zahartutako eraikinen berritzea atzeratu du Parisek, etorkinek okupatutako eraikinak erosi arte ez dituelako berritze lanak egiten. Frantziako presidente Jacques Chiracek aitortu zuen «erabat lotsagarria» zela eraikinaren egoera. Hala, Gobernuak laster «neurri zorrotzak» hartuko dituela iragarri zuen.
Nikolas Sarkozy Barne ministroak etxebizitza zahartuak ixtearen alde egin du. «Eraikin hauek guztiak itxi egin behar dira halako dramak galarazteko, eta Poliziari horixe eskatu diot, gizakiak baitira egoera onartezin hauetan daudenak». «Jende hau onartuz, zeintzuei ezin diegun ez bizileku bat ez lana eskaini, halako dramak gertatzen dira».
Boli Kostak Frantzian duen enbaxadore Jacinthe Kouassik etorkinen egoera legeztatzeko eskatu dio Frantziari.
Datua
1.000
Udalaren arabera, Parisen 1.000 eraikin zahartu daude. Astelehenean erretako eraikinaren jabe den SIEMP enpresa mistoak dio egoera kaskarrenean zeuden eraikinetako bat zela. Zirkuitu elektrikoak eta instalazioak oso gaizki zeuden. Ez zuten urik, hormak zartatuta zeuden eta hainbat umek saturnismoa zuten. Saturnismoa berunak eragiten duen gaitza da. Hazteko arazoak, deformazioak eta burmuineko gaitzak sortzen ditu.