Katalunia

Gobernuen arteko mahairik ez bada, ezezkoari eutsiko dio ERCk

Militanteen %94,6 agertu da negoziazio mahai bat ezinbesteko baldintza gisa onartzearen alde Vilaltaren esanetan, PSOE «mugitzen ez bada, akordioak ez dira posible izango»

Marta Vilalta ERCko bozeramailea, hedabideen aurreko agerraldi batean,. TONI ALBIR, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi
2019ko azaroaren 25a
21:33
Entzun

Kataluniako gatazka politikoari irtenbide bat bilatzeko negoziazio mahai bat sortu ezean, ERCk ezetz bozkatuko du Pedro Sanchezen inbestidura saioan. Hala erabaki dute alderdi errepublikanoaren militanteek, barne galdeketa batean. Bozkatu zutenen %94,6k «bai» erantzun dio ondorengo galderari: Ados al zaude Sanchezen inbestiduraren aurka bozkatzearekin aurrez Estatuarekiko gatazka negoziazio mahai baten bidez konpontzeko akordiorik ez balego?. Erabakia ez da loteslea, baina ERCren orain arteko jarrera indartzen du, Pedro Sanchezi Espainiako Gobernurako bidea ez oztopatzeko PSOEk egin dizkion «ardura» eskarien aurrean.

Marta Vilalta ERCko bozeramailearen esanetan, PSOEri dagokio orain mugitzea. «ERCren militantziak negoziatzera behartu du PSOE. Gugandik zerbait nahi badu, urratsak egin beharko ditu». Bi aukera eman dizkio Sanchezi: «negoziazio mahaia ala huts egindako inbestidura».

ERCren galdeketako emaitzen berri izan aurretik, Oriol Junqueras ERCko presidenteak ohartarazi du elkarrizketarako mahaia sortzea dela alderdi independentistaren ezezkoa ekiditeko modu bakarra. «Uztailetik asko aldatu da egoera, eta orain argi dago gure botoa ezezkoa izango dela, baldin eta elkarrizketa mahai baterako akordiorik ez badago. Soilik konpromiso bat balego aldatuko genuke gure jarrera», adierazi du espetxetik.

Mahai horrek izan beharko lituzkeen «lau hankak» zehaztu dituzte ERCko agintariek azken egunotan, eta, gaur, berriro gogorarazi ditu Vilaltak: gobernuen arteko elkarrizketa, aldeek aurkezten dituzten proposamenei aldez aurretik baldintzarik ez jartzea —hau da, autodeterminazioaz hitz egiteko aukera izatea—, akordioak beteko direla bermatzeko mekanismoak jasotzea eta «egutegi argi bat» zehaztea.

Keinuak eta negoziazioak

Azken puntu horri dagokionez, lehenengo urratsa inbestiduraren aurretik egin beharko litzatekeela gaineratu du Pere Aragones Kataluniako presidenteordeak. Bi gobernuen arteko bilera bat eskatu du La Vanguardian argitaratutako iritzi artikulu batean, «konpromiso keinu argi gisa».

Vilaltak azaldu du mahai bat eratzeko proposamena aurkeztuko diotela PSOEri datozen egunetan, Sanchezen inbestidura negoziatzeko egitekoa duten bileran. Vilaltak PSOEri eskatu dio argitu dezala bere proposamena zein den. ERCren asmoa da, sozialisten konpromisoa lortuta, bi alderdien artean adostea gobernuen elkarrizketa mahaian eztabaidatu beharreko puntuak.

Hainbat hedabidek dagoeneko aurreratu dute nortzuk izango diren bi alderdietako ordezkariak: ERCtik, Gabriel Rufian Kongresuko eleduna, Vilalta bera eta Josep Maria Jove Kontseilu Nazionaleko burua; eta PSOEtik, Adriana Lastra Kongresuko eleduna eta Salvador Illa PSCko Antolaketa idazkaria.

Sanchezek oraindik ez du argitu ERCren proposamena onargarria iruditzen zaion ala ez, baina orain arte marra gorri bat ezarri du elkarrizketak abiatzeko: negoziazioak mugatzea Konstituzioak aurreikusten duen eremura. PSCko idazkari nagusi Miquel Icetak  gobernuen arteko elkarrizketarako esparrua izan daitekeena aipatu du. Gogorarazi du Espainiako Konstituzioak «bitariko batzordea» aurreikusten duela halakoetarako, eta ziurtatu du, elkarrizketa bultzatu nahi bada, «erreminta» aurkitzea «erraza» izango dela.

Sanchezek ERCren beharra du, urtea amaitu baino lehen presidente izenda dezaten nahi badu. Zenbait komunikabidek iragarri dutenez, haren asmoa litzateke abenduaren 16an eta 17an egitea inbestidurari buruzko eztabaida, eta lehen bozketa. Lehen aldian aurrera egiteko, ordea, hautagai sozialistak gehiengo osoa beharko luke, eta, hori ezinezkoa duenez, bigarren bozketa abenduaren 19an egingo litzateke.

Torra eta Puigdemont

ERCk ez du zehaztu PSOEri galdegin dion gobernuen arteko elkarrizketa horietan Quim Torra Kataluniako presidenteak parte hartzea ezinbesteko baldintza den ala ez. JxCk, aldiz, beharrezkotzat jo du baldintza hori Sanchezen inbestiduraren kontra ez bozkatzeko. Quim Torra ez ezik, Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak ere elkarrizketetan  izan beharko luke, Laura Borras JxCko eledunaren esanetan. Horrez gain, nazioarteko begirale baten parte hartzea eskatu du. Borras kritiko agertu da Sanchezekin,  ez delako eurekin kontaktuan jarri inbestiduran zer jarrera hartuko luketen jakiteko. «Itzalita edo estaldurarik gabe daude, edo koma amaigabean. Ez dute keinurik egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.