Gaddafitar batzuk auzoan gelditu dira, eta denok dakigu non bizi diren. Arazorik ematen ez badigute, gelditzen utziko diegu; hitz ematen dizut». 29 urteko ingeniariaren diskurtso lagunkoiaren moduak maiz jaso ditugu egunotan Tripolin. Edonola ere, agian goizegi da Gorji auzoa, Libiako hiriburuko mendebaldean, elkarbizitzaren eredu bilakatuko ote den jakiteko. Egia da gaddafitar batzuk Tripolitik alde egin dutela, bidean —kontrako norabidean— topatu ditugulako. Haietakorik hiriburuan gelditu ote den ezin izan dugu egiaztatu.
Badaude ere ustezko hainbat gaddafizale auzo horretako espetxean preso. Gorjiko antzinako eskola da. Eraikinaren ezker aldean preso hartutakoak daude; eskuin aldeko ikasgelak, ordea, hainbat kazetariontzat egokitu dira, Corintia luxuzko hotelera jo ez dugunontzat, hain zuzen.
Batzuetan presoekin topo egiten dugu eskolako patioan. «Salaam aleikum» besterik ezin diogu esan elkarri, erreportariok debekatuta baitaukagu haiekin hitz egitea. Bestalde, makina bat gerlari igarotzen dira handik egunero. Euren izena eta armaren erregistro zenbakia fitxa batean txertatu behar dituzte.
«Honela badakigu zein arma daukan bakoitzak. Orain, familia bakoitzeko bakarra onartzen da. Gehiegi daude jendearen eskuetan, eta gerra bukatzen denean administrazio berriari bueltatu beharko zaizkio guztiak», azaldu dio BERRIAri eskolako arduradun Abdulhamid Hati Muhamedek.
Ilaran
Oraingoz, gerrak sortutako berehalako arazoei ekin behar diete tripoliarrek. Ur eskasia da lehenengoa, eta, antza, auzoko meskita biziki laguntzen ari da arazo larriari aurre egiteko. Eguneroko bost otoitzetara deitu ez ezik, gasolina edo ur tanke bat iritsi dela jakinarazten dute hango megafoniatik. Halakoetan, makina bat auzokide biltzen dira, ilaran, plastikozko pitxarrak eskutan.
Egunotan ohi baino jende gehiago inguratzen da meskitara, ura duen toki bakarra baita Gorjin. «Hiriko sare nagusitik ez, abluzioak egiteko 50 urte dituen putzu batetik iristen zaigu ura», dio Said jaunak, meskita horretako apaiz nagusiak. «Gobernu berriak eman ezin diguna jainkoak bidaltzen digu». Hori liteke efektu psikologikoa Gorjiarrengan.
Dirua ere iristear da Gorjira. Western Unionen auzoko bulegoan mugimendu handia dago gaur: «Atzo ireki zuten bulegoa, baina oraindik ezin da dirurik jaso. Bizpahiru egunen buruan egin ahalko dela diote», dio Hamudak. Gorjiko auzotar hau Kanadatik iritsi behar zaion diruaren zain egon da joan zen otsailetik, bulegoa itxi zenetik.
Gorjin gutxi dira oraindik pertsiana altxa duten dendak. Eta horiek bezain urriak dira eskura daitezken elikagaiak. Prezioek gora jo dute etengabe, orain jaisten hasi badira ere. «Banatzaileak berebiziko dirutza eskatzen zidan gerra hasi zenean, eta prezioak bi eta hiru aldiz igo behar izan nituen. Orain beherantz doaz, nabarmen», dio Abdulhafiz dendariak.
Urdina eta laranja
Paradoxa bada ere, gasolioa, ura bezain merkea zena, luxuzko produktu bilakatu da Libian: «Gerra aurretik 80 litro 2-3 libiar dinarren truk [1-1,5 euro] eskuratzen genituen; egun 100 dinar ordaintzen ditugu hogei litro eskuratzearren», kexu da Ramzan, Irakeko enbaxadaraino iristen zen ilaran bost orduan zain egon ostean.
Normaltasunerako bidea espero baino azkarrago hartzen ari dira tripoliarrak. Kale erdian paratutako auto erreak, porlanezko pusketak… funtsean gerraren oroigarri oro jasotzen ari dira gazte taldeak. Laranjaz jantzitako gizonek eutsi diote pilatutako zaborrari. Aurki, kaleko kiratsa iraganeko oroimen txarra besterik ez da izango.
«Lan asko dugu aurrerantzean, baina ziur nago Tripolik bere edertasuna berreskuratuko duela», dio Hatimek ireki berri duen okindegian. Urdinerantz luzatzen da, Mediterraneorantz, bere dendako atean hasten den ilara. Herrialdea normaltzean, bere hondartza zuri eta amaigabeek makina bat turista erakarriko dute.
Baina leherketak ez dira oraindik amaitu. Sare elektrikoa lehengoratzeko ahaleginetan, makina bat sorgailuk egin dute eztanda Gorjin egunotan. Antza, kable urri eta ahulak ez dira gauza ohiko elektrizitatefluxuari eusteko. Tripoli gainetik altxatzen diren ke zutabe gehienek hor dute jatorria. Oraingoa, baina, handiegia eta beltzegia da.
«Gaddafitarren sabotajea izan da, ez daukat batere zalantzarik!», dio Sela Aburikek, azken bost urteetan bere lantokia izan denaren albotik. Tripoliko Zerbitzu Konpainiak —hiriko zabor bilketaz arduratzen dena— su hartu du. Edo eman diote.
«Horrelako ugari ikusiko ditugu. Zaintzarik gabeko objektibo errazei eutsiko diete Gaddafiren azken jarraitzaileak», gehitu du Aburikek. Suhiltzaileak beranduegi iritsi dira, gero eta dentsoagoa baita Tripoliko trafikoa.
Hori gutxi ez, eta berehala bukatu zaie ura. Azkenean, suak administrazioko egoitza errautsetan utzi du, eta zur eta lur hangoak. Horien artean, Nigeriatik etorritako bi kale garbitzaile.«Etxera bueltatuko ote garen? Nigeriara? Zertarako?», dio Iorubak. Duela hiru urte iritsi zen Libiara, eta kale garbitzaile sartu zen.
«Nire lehengusuak esan zidan beltzak zirela denak; lana ez zela faltako», dio laranjaz jantzitako 24 urteko gorjiarrak. «Ez nuen arazorik izan Gaddafirekin, eta hala izatea espero dut gobernu berriarekin», gaineratu du Iorubak, lasai, erretako zaborraren kiratsari jaramonik egin gabe.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
Gorji, Tripoliko auzo bat
Gorji Tripoliko mendebaldean dago. Firaz hangoa da, eta, dioenez, oso ondo ezagutzen dute denek elkar. «Gaddafitarrei armak bueltatzeko esan genien. Batzuek hala egin zuten; besteek, ordea, ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu