Eskuin muturra

«Gorrotoari erantzuteko» deia egin du Norvegiako lehen ministroak, Utoyako sarraskiaren urteurrenean

Eskuin muturraren eta «edozein estremismoren» aurka egin beharra defendatu du Erna Solbergek, eta norberak egin beharreko lanketa «euste hormarik garrantzitsuena» dela nabarmendu du.

Utoyako sarraskian hildakoak omentzeko gaur goizean egindako ekitaldiko irudi bat. GEIR OLSEN / EFE
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 22a
13:39
Entzun

Hamar urte dira Anders Behring Breivik eskuin muturreko kideak Norvegiak Bigarren Mundu Gerraz geroztik ezagututako eraso handiena egin zuenik. 77 lagun hil zituen, bi atentatutan. Ibilgailu bat lehertarazi, eta zortzi lagun hil zituen, lehenik, gobernuaren egoitzaren ondoan, eta Utoya uhartera jo zuen gero. Norvegiako Alderdi Laboristako gazte erakundearen kanpamentua egiten ari ziren bertan, eta han bildutakoei eraso zien tiroz —69 lagun hil zituen, gehienak 14 eta 19 urte artekoak—. Kultur aniztasunaren eta islamaren aurkako diskurtsoarekin justifikatu zituen hilketak.

Sarraskia gogora ekartzeko eta hildakoak omentzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko Norvegian. Horietako batean izan dira Erna Solberg lehen ministroa eta Jens Stoltenberg lehen ministro ohia —NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusia da egun—. «Gorrotoak ezin du erantzunik gabe geratu», adierazi du Solbergek, erasotik bizirik atera ziren hainbat lagunen eta euren senideen aurrean, eta azpimarratu du «era askotako estremismoen» aurkako borrokan asko aurreratu dutela segurtasun indarrek, azken hamar urteetan. Hala ere, norberak gorrotoa sustatzen duten diskurtsoen aurka egin beharreko lanketan jarri du fokua: «Gutako bakoitzak gure baitan eraiki behar duguna da euste hormarik garrantzitsuena».

Alabaina, Norvegiako ezkerreko sektoreek nahiz erasotik bizirik ateratako hainbatek sarritan kritikatu izan dute herrialdean ez dela eskuin muturreko ideologia erauzteko behar besteko ahaleginik egin.

Gertakaria oroitzeko lehen ekitaldia izan da gaur goizekoa. Osloko udaletxean hasi da, eta katedraldean amaitu. Arratsaldean ere izango da oroitze ekitaldi gehiago. Utoyan hildakoak gogoratzeko kontzentrazio bat egingo dute uhartean bertan, arratsaldean, eta erregeak hitz egingo du gauean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.