Hiru preso maputxek 39 egun egin dituzte gose greban Angoleko kartzelan, eta baraualdia bart gauean utzi dute, haien senideek Txileko Justizia Ministerioarekin Terrorismoaren Aurkako Legea eta lekuko babestuen erabilera berrikusteko akordio bat sinatu ondoren.
Martxoko hauteskundeak irabazi eta berehala, maputxeei barkamena eskatu zien Michelle Bacheleten gobernuak. Francisco Huenchumilla, Araucaniako gobernadorea, urteetan Txileko estatuak maputxeekin izaniko tratuagatik damututa azaldu zen. Terrorismoaren Aurkako Legea erabiltzen duten fiskalak kritikatu zituen, eta lurrak ustiatu dituzten enpresei kargu hartu zien. Orain arte bazterrean utzi duten gatazka konpontzeko borondate politikoaren lehen zantzuak izan ziren.
Oihartzun handia izan zuten deklarazioek, baita Txiletik kanpo ere. Maputxe askok, ordea, mesfidantzaz hartu zituzten hitzak. Bacheletek lehen agintaldian ezer gutxi egin baitzuen arazoari aurre egiteko. Arauco Malleco Koordinakundeak «urteetan enpresen interesak defendatu dituztenen hitzak eta keinuak» ez dituztela sinetsiko erantzun zion Huenchumillari.
Apirilaren 7an hiru preso maputxek —Luis Humberto Marileo, Pablo Levinao eta Leonardo Quijonek— gose greba mugagabea hasi zuten Angoleko kartzelan. Bart gauean utzi dute baraua, 15 bat kilo gutxiagorekin, Txileko Gobernuaren izenean Jendarmeriako buruak eta presoen izenean haien senideek akordio bat sinatu ostean.
Gobernu berriari «ekintzak eta ez hitzak» exijitu dizkiote gose grebarekin. Hiru eskaera nagusi izan dituzte: beren aurkako zigorra berrikustea, epaiketa lekuko babestuen bertsioetan oinarritu baitzen; Jose Mariano Llanca Tori preso maputxearentzat indultua, gibeleko minbizi terminala baitu; eta kartzelako Hezkuntza eta Lan Zentrora lekualdatzea, aurreko grebekin onartu baitzitzaien aringarri hori.
Maiatzaren 3an, presoen senide eta kideek, Roxana Miranda presidentetzarako hautagaia lagun zutela, Angoleko kartzelan grebalariak zeuden modulua hartu zuten. Zazpi orduan presio egiten aritu ostean, Jose Antonio Gomez Justizia ministroarekin hitzordua lortu zuten, eta protesta bukatutzat eman zuten.
Hiru egunetara bildu ziren Gomez eta preso maputxeen senideak. Bilerak ordubete eskas iraun zuen, eta ez zuten inolako adostasunik lortu. Kondena ezin dela berrikusi esan zuen ministroak, baina Terrorismoaren Aurkako Legea aldatzeko borondatea azaldu zuen. Akordioa puntu horren inguruan egin dute azkenean. Lekualdatzearen eskaera, Angol barruan egin gabe, beste kartzela batera mugitzea proposatu zuen Gomezek. Llanca Tori preso gaixoarentzako indultua baztertu egin zuen, minbizia terminala dela frogatzeko txosten sinesgarririk ez zuela argudiatuta.
Hugo Melinao presoen bozeramailea haserre azaldu zen, gobernuak denbora eskatu arren «egunak aurrera egin ahala maputxeen bizitzak arriskuan» zeudelako. Justizia ministroak gose greba uzteko eskatu zien presoei, eta bart gauean lortu dute akordioa.
Minbiziarekin, ebakuntza zain
Llanca Tori preso minbiziduna Temuco hiriko ospitalera eraman zuten aurreko astelehenean. Besikulako ebakuntza baten zain dago, baina oraindik ez du lortu medikuak artatzea. Horregatik, bere senideek ebakuntza berehala egiteko edo bestela kartzelara bueltan eramateko eskatu dute, bere osasunak txarrera egin baitu azken egunetan.
Asteburuan beste preso maputxe bat batu zitzaien gose greban zeuden hirurei. Cristian Curinaok 20 urte ditu, eta martxoaren 12tik dago preso. Bere egoera salatzeko hasi zuen baraua: «Nire adiskideen grebara batzen naiz; izan ere, bi hilabete daramatzat presoaldi prebentiboan, fiskaltzaren azpijoko baten ondorioz».
Manifestazio eta aldarri ekintzak ugaritu egin dira azken egunetan, grebalarien egoera salatzeko. Larunbatean, Santiagoko Santa Lucia muinoan batuta, bertan dauden koroa espainiarraren garaiko kanoietako bat erre eta zenbait estatua apurtu zituzten. Hamazortzi atxilotu izan ziren. Helia Molina Osasun ministroak Araucaniara egindako bisitan, preso gaixoaren senideek gutun bat eman zioten, ospitalean zaintza egokia eskatzeko.
Bistan denez, berriro ere berotzen hasi da giroa Wallmapun edo Maputxe Herrian. Urte hasieran indarkeria kasuak nabarmen gutxitu ziren, gobernu berriarekin espero ziren negoziazioek baretuta. Komunitateak hitz egiteko prest azaldu dira oraindik, baina gatazka konpontzeko mobilizatu egingo dira. Gobernuaren barkamen eskea lagungarria izan daiteke eztabaida mahai gainean jarri eta arazoa gizarteratzeko. Lehen pauso horrek, baina, aldaketa sakonen atariko behar luke izan, maputxeen ustez. Presoen auzia bideratzeko mahaiak zer ekarriko duen ere ikusgai dago. Baina gauza bat argi dago: promestutako hitzek aldaketarik ez badakarte, giroa gaiztotu egingo da.
Gose greba utzi dute maputxeek
Hiru presok 39 egun egin dituzte protestan, eta akordio bat lortu dute azkenean Txileko Gobernuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu