Sri Lanka

Gotabaya Rajapaksak irabazi ditu hauteskundeak Sri Lankan

Defentsa idazkari ohiak botoen %52,25 eskuratu ditu, eta, beraz, ez da bigarren itzulirik izango.

Gotabaya Rajapaksa Sri Lankako Defentsa idazkari ohi eta hauteskundeetako hautagai irabazlea. M.A. PUSHPA KUMARA, EFE
2019ko azaroaren 17a
10:02
Entzun

Mahinda Rajapaksa presidente ohiaren anaia Gotayaba nagusitu da Sri Lankako hauteskundeetan. Defentsa idazkari ohiak botoen %52,25 jaso ditu, eta haren aurkari Sajith Premadasak %42, gerra zibileko zauriek eta talka etnikoek markatu duten bozetan.

Tamilek ez dute izan hautagai zuzenik Sri Lanakako hauteskundeetan, baina Premadasak hainbat neurri hitzemanak zituen, horiek eta musulmanak erakartze aldera. Herrialdearen aniztasuna bermatzeko eta gutxiengoen eskubideak babesteko promes egin zuen. Gobernu programa aurrerakoi bat ere plazaratu zuen, txiroen aldeko neurriak iragarrita. Rajapaksa nagusitu zaio, ordea, eta, haren garaipena aitortu bezain laster, Batasun Nazionalerako Alderdiaren buru izateari uko egin dio Premadasak.

Rajapaksa herrialdean gehiengoa diren zingalesen alderdi nazionalistako ikurra da. Militar ohiak segurtasun nazionala bihurtu du bere mezuaren ardatza; izan ere, irmo jokatzea hitzeman du. Defentsa idazkari ere izan zen haren anaia presidente izan zen urteetan (2005-2015): Mahinda Rajapaksari egozten zaio tamil tigreen gerrilla amaitu izana, eta, batzuentzat heroia den bezala, askorentzat gerrako basakerien erantzulea da. Mahinda Rajapaksak 2015eko bozak galdu zituen, eta orain haren anaiak hartu du lekukoa, hari ere hainbat hilketaren erantzule izatea leporatu dioten arren.

Rajaskak bere anaiak botereko ardura nagusietan kokatzea espero da orain, eta Txinarekin azpiegitura proiektu berriak hitzartzea, horrek herrialdea are gehiago zorpetzeko arriskua ekar badezake ere.

Garaipenaren osteko lehen adierazpenetan, batasunerako deia egin du Rajaskak. "Batu gaitezen bakean, duintasunez eta diziplinaz".

Premadasak presidente berri izango denari eskatu dio hauteskundeen osteko giroa baketsua izateko lan egin dezala eta berma dezala herritar bat bera ere ez dela "jazarria edo erasana" izango hari botoa emateagatik.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.