Aspaldiko gatazka amaitzea du helburu Txinko Gobernuaren eta Vatikanoaren arteko akordioak. Izan ere, komunismoak agintea hartu zuenetik soilik Elkarte Patriotiko Komunistako kide diren buruzagi katolikoak onartzen ditu Estatuak. Aldiz, Vatikanoak izendatuak izan eta erakundeko kide ez direnek jazarpena salatu izan dute maiz.
Orain, Vatikanoak eta Txinak adostu berri duten behin-behineko akordioa indarrean sartzen denean, bi estatuek hartuko dute parte izendapenean, nahiz eta gotzainek Eliza katolikoko buruaren azken onespena beharrezkoa izango duten kargua hartzeko. "Azken urteetan egindako ahaleginen ondorio da akordioa, eta indarrean sartu ondoren ere hainbatean behin berrikusiko da", zehaztu du Vatikanoak.
Negoziazioetan parte hartu dute Antoine Camilleri Vatikanoko Atzerri ordezkariak eta Txinako Atzerri ministrorde Wang Chaok. Dena den, Vatikanoko bozeramaile Greg Burkek zehaztu du hitzarmenaren helburua ez dela inolaz ere politikoa: "Erromarekin bat datozen baina Txinako agintariek onartzen dituzten gotzainak eskaini nahi dizkiegu katolikoei".