Dignite Al Karama ontzia nazioarteko uretan da. Greziako debekuaren gainetik itsasoratu zen itsasontzia astelehenetik astearterako gauean. Askatasunaren II. Flotillako ontzietako bat da, baina tamaina txikia duela tarteko, debekua saihestea lortu du. Dignite Al Karamak Frantziako bandera dauka eta hamabi ekintzaile eramaten ditu; Nicole Kill-Nielsen eurodiputatua dago horien artean. Haren hitzetan «kasualitatez» itsasoratu ahal izan ziren; «Atenasko Pireo portuan daude beste ontziak, baina, gu ez ginen han, beraz, saiatzea erabaki genuen; uharte batetik bestera joan ginen eta halako batean konturatu ginen nazioarteko uretan ginela». Gazara 72 orduko epean ailegatzea aurreikusi dutela zehaztu du Kill-Nielsenek: «Greziako blokeoa hautsi dugu eta orain hurrengo xedera bidean gara; Gazako blokeoa haustea».
Frantziako ontziak hemeretzi metro luze dauka eta erregaiez eta elikagaiez beteta doa Gazara. Jean-Claude Lefort Un bateau français pour Gaza (Gazarentzat Frantziako ontzi bat) taldeko bozeramaileak jakinarazi duenez, euren izenik eman ez izana lagungarria izan da debekuari aurre egite aldera. Frantziako Atzerri Ministerioari, hala ere, babesa eskatu diotela jakinarazi du, iaz nazioarteko giza ekintzaileei gertatu zitzaiena aintzat hartuta. Israelek Mavi Marmara Turkiako ontziari erasotu zion orduan nazioarteko uretan zela eta bederatzi ekintzaile hil zituen.
The audacity of hope (Itxaropenaren Ausardia) AEBetako ontziak ere aingurak jaso zituen iragan ostiralean, baina behin uretan zela atzeman zuten. John Klusmire komandantea atzo atxilotu zuten betoa hautsi izana eta bidaiarien bizitza arriskuan jarri izana leporatuta.
Espainiako enbaxadan
Askatasunaren II. Flotillakogainontzeko itsasontziak, berriz, portuetan daudeimmobilizatuta. Christos Paputsis Greziako Babes Zibilerako ministroak ostiralean eman zuen debekuaren berri. Nazioarteko 45 estatuetako 500 ekintzaile daude ontzietan; Gazara 5.000 tona giza laguntza eramatea dute helburu.
Gernika da blokeatuta dagoen ontzietako bat. Espainiak Atenasen duen enbaxada okupatu zuten atzo ontziko lau ekintzailek eta «idatziz» erantzun bat jaso artean han egongo direla jakinarazi dute. Espainiako Gobernuak Greziako debekuaren aurrean izan duen jarrera salatu dute, euren hitzetan debekua legez kanpokoa baita eta ez die babesik eman. Hogei bat ekintzaile sartu ziren enbaxadaren atarira. Greziak ekintzaileen bizitza arriskuan dela argudiatuta hartu du itsasoratzeko debekua, eta giza laguntza bera eramateko prest ere agertu da. Espainiako Gobernuak ere eskaintza hori babestu du.
Gazan, berriz, bi palestinar hil zituen atzo Israelek. Al Bureikh errefuxiatu gunean airez egindako bonbardaketan hil zituen. Lekukoen arabera, eskuz egindako koheteak jaurtitzear zeuden bi miliziano dira hildakoak, hori baieztatu ez duten arren.
Greziako debekua saihestuta itsasoratu da nazioarteko flotillaren ontzietako bat
Gazara 72 orduko epean iristea aurreikusi dute ontzian doazen hamabi ekintzaileak; Frantziako bandera dauka ontziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu