mundua

Greziako lehen ministroak asteartean eskatuko dio Parlamentuari konfiantza

2011ko ekainaren 16a
17:32
Entzun

Giorgos Papandreu Greziako Gobernuko lehen ministroa gaur zen Parlamentuari konfiantzari eskatzekoa, herrialdea pairatzen ari den krisi politiko eta ekonomikoa dela medio, baina asteartera atzeratu du neurria.

Papandreuk gaur exekutibo berria eratzeko asmoa duela esan zuen atzo, eta horrek Legebiltzarrean zer babes duen ikusi nahi duela ere bazioen.

2010eko irailean ere berritu zuen gobernua. Atzo oposizioko alderdi guztiekin hitz egin zuen, batasun gobernu bat osatzeko aukera planteatzeko. Ezkerreko alderdiek ezetz esan zioten. Aukera indartsuena oposizioko alderdi nagusiarekin —Nea Dimokratiarekin (ND)— koalizio gobernu bat osatzea da. NDk hainbat baldintza jarri dizkio Papandreuri; tartean, lehen ministro kargua utz zezala. Papandreuk baietz erantzun zien, horretarako prest dagoela.

Horrez gain, NDk berriro negoziatu nahi ditu, bai iaz onartutako 110.000 milioi euroko erreskate plana, bai azken murrizketa plana.

Atzo urteko hirugarren greba orokor deialdia izan zuten Grezian. Arrakastatsua izan da, eta jendetza bildu zen Parlamentuaren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.