Errefuxiatua

Amir: «Grezian asiloa eskatzeko prozesua ez da batere eraginkorra»

Irandik ihesi Lesbosera iritsi zen duela hamar hilabete, eta tartean Zaporeak-en sukaldean aritu da lanean, boluntario. Abuztuaren 6an asilo eskaera ukatu zioten, eta bihar bukatuko da herrialdetik alde egiteko eman zioten epea.

Mugarik Gabeko Medikuak taldeko bi kide Lesbosera iritsi berri diren bi errefuxiatu artatzeko pronto, iazko urrian. EFE
Mugarik Gabeko Medikuak taldeko bi kide Lesbosera iritsi berri diren bi errefuxiatu artatzeko pronto, iazko urrian. EFE
Maddi Iturriotz Alkorta
Mitilene
2026ko abuztuaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inguruko guztiei besarkada bana eta irribarre batez «che turi?» galdetuz (zer moduz?, farsiz). Hala hasten zituen lan egunak Amirrek —asmatutako izena da; ez du egunkari bateko argazki batean agertu nahi— (Teheran, 1988), Zaporeak elkarteak Lesbosen (Grezia) duen sukaldean. Bertan, elkarrekin lanean aritzen dira Euskal Herritik eta beste hainbat tokitatik joandako boluntarioak, eta baita kanpamentuan bertan bizi diren edo bizi izan ziren errefuxiatuak ere. Azken horietako bat da Amir. Abuztuaren 5a heldu zen arte, behintzat. Egun hartan, gauean, bere etorkizuna erabat baldintzatuko duen mezu bat jaso zuen: asilo eskaera ukatu zioten.

Abuztuaren 10a da. 14:30 aldean, Zaporeak elkartearen furgonetan doazen boluntarioek banatuta daukate eguneko janaria Mitileneren kanpoaldean dagoen kanpamentuan, eta hiriaren erdigunera heltzen ari dira. Gaurkoa Amirren azken bidaia izango da furgoneta horretan. Halere, betiko moduan, txantxak egin eta abestiak oihuka kantatu ditu. Giroa, baina, ezberdina da. Gainontzeko guztiak isilik doaz. Nabari da bera ere urduri dagoela: astelehen honetan hirian dabilen trafikoak etengabe mugiarazten dio hanka. Kan kan kan kan. 17:00etan portuan du ordua, Atenasera doan hamabi orduko ferry bat hartzeko. Hamalau eguneko atzerako kontaketa hasi zaio herrialdetik ihes egiteko.

Greziara heltzeko, zer bizimodu utzi behar izan duzu?

Iranen 11 urteko haur bat daukat. Bere amarekin dago. Eta ofizioz eraikuntzako irakaslea nintzen, soldatzailea, eta edozein motatako ibilgailuren gidaria ere bai.

Nola iritsi zinen Lesbosera?

Hamar orduz oinez ibili ginen gauean, itsasertzera iritsi ginen arte. Han geundela, itsasontzi batean sartu gintuzten, eta, bost ordu pasatuta, itsasoaren beste aldera iritsi ginen, Greziara. Bost orduko bidaia hartan izugarri sufritu genuen, eta hiru aldiz itotzeko zorian egon ginen. Baina, azkenean, asko kostata, heldu ginen Lesbosera.

Zenbat denbora igaro duzu bertako errefuxiatuen kanpamentuan?

Iazko urrian iritsi nintzen, eta bertan igaro ditut azken hamar hilabete hauek.

Nolakoa da bizimodua kanpamentuan?

Bizimodua oso-oso gogorra da kanpamentuan, oso zikina baitago. Jendeak uler dezan, etxola guztietan arratoiak eta labezomorroak daude, eta horrek izugarri molestatzen gaitu. Kanpamentuaren garbiketa gehiago zainduko balitz, bizimodua hobea izango genuke.

Bertan zinela, Zaporeak ezagutu zenuen, eta haiekin aritu zara sukaldean eta kanpamentuan lanean. Nola bizi izan duzu lan hori?

Hori da, kanpamentuan nengoela ezagutu nuen Zaporeak elkartea. Haiekin lanean aritzea proposatu zidaten, eta ez nuen zalantzarik izan. Asko ikasi dut haiekin, eta izugarri pozten nau haien taldearen parte izanak. Lagun oso onak egin ditut bertan, eta oso eskertuta nago.

Kanpamentuan bizi diren errefuxiatu guztiak asiloa eskatzeko prozesuan daude. Nolakoa da asilo eskaera Lesbosera iristen diren errefuxiatuentzat?

Grezian asiloa eskatzea prozesu oso-oso mantsoa da, eta ez da batere eraginkorra. Haurrak dituzten familiek eta emakumeek lehentasuna daukate, eta ni bakar-bakarrik nago hemen. Eta eskaera are gehiago trabatzeko, Irangoa naiz, eta denok dakigu nola dagoen nire herrialdea orain. Eskaera tramitatu zain hamar hilabete igaro ondoren, ukatu egin didate.

Eta eskaera prozesu hori egiteko laguntzarik jasotzen duzue?

Bai, badugu laguntza halako tramiteak egiteko, baina, zoritxarrez, laguntza oso mugatua da, eta, nire kasuan ikus daitekeen moduan, ez du fruiturik eman.

Esan duzun moduan, hamar hilabeteren ondoren eskaera ukatu dizute. Zer aukera dituzu orain?

Asiloa ukatzearekin batera, herrialdean hamalau egunez egoteko baimena bat eman didate. Hau da, bi aste barru herrialdea utzi behar dut. Eskubidea daukat apelazio bat aurkezteko eta herrialdean egoteko baimena hori luzatzeko, baina kanpamentuan igaro ditudan hamar hilabeteetan ikusi dudanagatik, bide hori azkar bukatzen da, eta helmuga ez da batere polita izaten. Izan ere, nire inguruan bide hori hartzea erabaki duen inork ez du baiezko erantzunik jaso, eta guztiek amaitu dute preso. Beraz, bi aukera ditut: erabakia apelatu eta, agian, kartzelara joan edo legez kanpo Greziatik alde egin eta beste herrialde batean aterpea bilatu.

Baduzu helmugarik buruan?

Nire anaia Erresuma Batuan dago, eta hara joatea gustatuko litzaidake. Horretarako Frantziara iritsi behar dut, eta handik pasatu muga.

Baduzu desiorik?

Espero dut Zaporeak-eko sukaldean topatu ditudanekin noizbait elkartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA