Groenlandia militarizatuagoa, Trumpen mehatxuen lehen ondorioa

Danimarkak jakinarazi du presentzia militarra «handitu» eginen duela uhartean, eta Suediako armadako indar bat ere bidean da ariketa militar batzuetan parte hartzeko, Kopenhagek hala eskatuta. Herrialde gehiago ere batzekoak dira.

Soeren Andersen Danimarkako armadako Artikorako buruzagia eta Mette Frederiksen lehen ministroa, Groenlandiako uretan, artxiboko irudi batean. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE
Soeren Andersen Danimarkako armadako Artikorako buruzagia eta Mette Frederiksen lehen ministroa, Groenlandiako uretan, artxiboko irudi batean. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE
mikel rodriguez
2026ko urtarrilaren 14a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump AEBetako presidenteak Groenlandiari egindako mehatxuen azkartzeak eta gaur arratsaldean Etxe Zurian egindako goi mailako ordezkarien bilerak eragin du lehenbiziko ondorioa: Artikoko herrialdea militarizatu eginen da. Aitzinetik argitaratu den informazio hori baieztatu du Troels Lund Poulsen Danimarkako Defentsa ministroak, eta jakinarazi «hegazkinen, ontzien eta soldaduen presentzia handiagoa» izanen dela Groenlandian «gaurtik aitzinera, eta etorkizunean»: «Beharrezko pauso bat da, inork ez baitaki zer gertatuko den bihar». 

Suediak jakinarazi du indar militar bat bidali duela Groenlandiara, Danimarkak horrela eskatuta, eta Eskandinaviako bertze bizilagunak, Norvegiak, armadako bi kide bidaliko ditu Artikoaren defentsako elkarlana aztertzeko. Alemaniak, berriz, hamahiru militar bidaliko ditu «esplorazio misio batera». Soldaduak eramenen dituztela jakinarazi duten herrialdeen artean daude Alemania eta Frantzia ere.

Hala ere, inork ez du argi adierazi militarizazioaren arrazoia zein den: Trumpek Groenlandiaren defentsari egin dizkion kritikak onartu dituzten eta, hortaz, AEBetako presidentea lasaitzeko eginiko kontzesio bat den, edo, kontrara, AEBetako presidentearengandik defendatzea ote den helburua. 

Poulsenek Kopenhagen eman duen prentsaurrekoan, kazetari batek galdetu dio ea AEBek Groenlandiari eraso eginen ote dioten. «Hagitz galdera hipotetikoa» dela erantzun dio Defentsa ministroak: «NATOko herrialde batek NATOko bertze bati eraso egitea nekez gertatuko dela uste dut». AEBetako armadak Kopenhagen duen ofizial anonimo batek The Atlantic hedabideari adierazi dionez, Danimarkak jakinarazi duen hedapen militarraren bidez Artikoko defentsa handitzeko «eman zuen hitza» beteko du herrialdeak, eta iturri horrek uste du AEBekin sortu den «tentsioak» bultzatu duela horretara. 

Poulsenek erran du NATOko «hainbat» aliatuk soldaduak bidaliko dituztela Groenlandiara, «gaur iluntzean bertan eta hurrengo egunetan». Suedia izan da hori baieztatu duen lehenbiziko herrialdea. Ulf Kristersson lehen ministroak X sare sozialean eman du horren berri. Danimarkako armadak antolatu duen Artikoko Erresistentzia Operazioa ariketa militarretan parte hartuko dute, «hainbat herrialde aliatuk osatutako talde batekin».

«Inoiz ez bezalako ondorioak»

Joan den hilaren 6an, Europako Batasuneko kide populatuenek —Alemaniak, Espainiak, Frantziak, Italiak eta Poloniak— eta Erresuma Batuak adierazpen bat argitaratu zuten Danimarkarekin batera, eta, bertzeak bertze, adierazi zuten Artikoa «lehentasuna» dela NATOrentzat, eta «Europako aliatuak» azkartzen ari direla eremu horretan duten presentzia. AEBei ez zieten mezu zuzenik eman. 

Gaur, Etxe Zuriko bileraren aitzinetik, Emmanuel Macron Frantziako presidentea mintzatu da aferaren inguruan: «Europako aliatu baten burujabetza arriskuan balego, horrek inoiz ez bezalako ondorioak ekarriko lituzke». Soldaduak bidaltzeaz gain, neurri diplomatiko baten berri eman du Frantziak: heldu den hilean kontsulatu bat irekiko du Groenlandian. «Groenlandiak ez du nahi Estatu Batuak uhartearen jabe izan daitezen, edo haiek gobernatu dezaten, edo haiekin integratu», adierazi du Jean-Noel Barrot Atzerri ministroak RTL irratian. «Groenlandiak aukeratu du Danimarkan, NATOn eta Europako Batasunean egotea».       

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.