Azken ikerketen arabera, Guadalupeko herritarren %95etan eta Martinikakoen %92tan topa daitezke klordekonaren aztarnak, bai eta bi uharte horietako lurrean eta urean ere. Itsasoz haraindiko bi departamenduotan bananondoetako gurgurioaren aurka erabili zuten pestizida mota hori 1972. eta 1993. urteen artean.
Frantzian, 1968tik ezagunak ziren pestizida horren ondorioak, eta Parlamentuko batzorde batek hura erretiratzeko ere eskatu zuen. Baina, hala ere, 1981ean merkaturatzeko baimena eman zuen Parisek. «Ulergaitza da gaur egun erabaki hura, kontuan izanik bagenuela haren arriskuen berri», azaldu du Luc Multigner ikertzaileak.
Frantziako presidente Emmanuel Macronek iaz bi departamendutara egindako bisitan dagoeneko iragarri zuen lanari lotutako gaixotasuntzat joko dutela pestizidak eragindako kaltea, eta aitortu estatuak «bere erantzukizuna onartu» beharko duela. Urrunago doa pestizidaren ondorioak ikertzeaz arduratu den batzordearen txostena, «beranduegi» erantzutea egotzi dio estatuari.
Asanblea Nazionalean aurkeztu berri duten txosten baten arabera, 1991n Europako Batasunak zuzentarau bat onartu zuen Frantziaren menpeko bi departamenduotan klordekona erabiltzea debekatuz. Baina François Mitterranden gobernuek indargabetu egin zituzten zuzentarauok, nekazarien presioari men eginez. Dokumentuak, baina, bestelako erantzuleak ere aipatzen ditu, tartean bi uharteetako hautetsiak, zeintzuek pestizidaren erabilera bultzatu zuten, Guadalupe eta Martinikako ekonomiaren oinarri den banana ekoizpenak gainbehera egin ez zezan.
Osasun arazoak
Hogei urtean baino gehiagoan erabili zen pestizida honen arrastoak nonahi aurki daitezke egun Guadalupen eta Martinikan, besteak beste, babatetan, arrautzetan, ur gezako arrainetan edota oskoldunetan, baina batez ere gizakietan. Ikerketaren arabera, bi uharteotako herritarren %90en odolean aurki daitezke pestizida arrastoak.
Molekula honek 500 eta 600 urte artean behar ditu lurzorutik erabat desagertzeko. Arazoa da, ordea, tarte horretan, uretara ere zabaltzen dela eta handik landare eta animalietara, eta finean, gizakietara. Azken horietan osasun arazoak eragiten ditu pestizidak, besteak beste, erditze goiztiarrak eragin eta umekiaren garapena oztopa dezake. Horrez gain, minbizi eragilea ere badela uste dute zientzialariek.
Klordekonaren eta minbiziaren arteko harreman zuzena frogatua ez dagoen arren, nabarmentzekoa da Martinikak eta Guadalupen prostatako minbizi kasu asko atzeman dituztela azken urteetan. Martxoan argitaratutako ikerketa baten arabera, pestizidarekin kontaktuan egon izan diren gizonek minbizi mota hori garatzeko bi aldiz arrisku handiagoa dute.
«Berandu» erreakzionatu izana egozten dio txostenak Frantziako Gobernuari. Haren arabera, gobernuak ezagunak zituen pestizida honen kalteak, eta, hala ere, haren merkaturatzea eta erabilera babestu zituen. «Erabilera hori babestu zuten enpresari, nekazari eta udal gobernuek». Hori dela eta, dokumentuak kalte-ordainak eskatzen ditu nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen direnentzat eta, batez, ere pestizida haren erabileraren ondorioz osasun arazoak izan dituztenentzat.
Horrez gain, haren ondorioak murrizteko neurriak eta klordekonak osasunean duen eragina zehatzago ikertuko duen batzorde bat osatzeko ere eskatzen du txostenak. «Ingurumenari, ekonomiari eta osasunari kalte egin die pestizida hori erabiltzeak, eta sufrimendua eragin die milaka herritarri. Horri erantzuteko, beharrezko tresnak ezarri behar ditu Gobernuak». Kalte-ordainei buruzko erabakia, ordea, datorren urtean hartuko du Parisek.