Guatemala

Guatemalako bi jeneral ohi epaituko dituzte indigenen sarraskiagatik

Gizateriaren kontrako delitua, genozidioa eta desagertze behartuak egotzi dizkie fiskaltzak Benedicto Lucasi eta Manuel Callejasi. 1978. eta 1982. urteen artean, ixil etniako 1.700 lagun baino gehiago hil zituzten.

Benedicto Lucas Guatemalako jeneral ohia, artxiboko irudi batean. ESTEBAN BIBA / EFE
ander perez zala
2021eko abuztuaren 31
16:18
Entzun

Benedicto Lucas eta Manuel Callejas Guatemalako armadako jeneral ohiak epaituko dituzte, 1978. eta 1982. urteen artean ixil etnia indigenako 1.731 lagunen hilketarekin zerikusia izan zutelakoan.

Fiskaltzak 2020ko martxoan egin zuen eskaria, eta epaileak gaur hartu du erabakia; hortaz, Lucas eta Callejas gizateriaren kontrako delituagatik, genozidioagatik eta desagertzen behartuengatik epaituko dituzte. Herrialdearen iparraldean 23 komunitate suntsitu zituzten 31 sarraskiren atzean daudela argudiatu du akusazioak.

Erdialdeko Amerikako herrialdean izandako gerra zibilak (1960-1996) 250.000 hildako eta 50.000 desagertu utzi zituen, eta bi jeneral ohiei egotzitakoak gatazkako garairik odoltsuenean egin zituzten.

Errudunak direla ebatziz gero, ez litzateke jasoko luketen lehen zigorra izango, 2018an biei ala biei 30 urteko espetxealdiak ezarri baitzizkieten 1981ean haur bat desagerrarazteagatik. Kartzelan daude egun.

ODHAG Guatemalako Artzapezpikutzaren Giza Eskubideen Bulegoak begi onez ikusi du epailearen erabakia, eta, ohar baten bidez, honakoa adierazi du: «Justizia ospatzen dugu, berandu dabilena, baina biktimen duintasunaren borrokaren eta memoriaren ostertzera hurbiltzen dena».

Ia 200 lekuko eta adituen 148 txosten aurkeztu zituzten akusazioa frogatzeko, ODHAGek oroitarazi duenez: «Inteligentzia militarrak modu faltsuan jo zituen ixil indigenak estatuaren etsai gisara, gerrillekin harremana zutelakoan».

Berradiskidetzerako Justizia Elkartearen arabera, Lucasen agindupean 12.400 lagun baino gehiago hil zituzten militarrek etnia hori bizi zen eremuan.

Militar ohia Romeo Lucas presidente ohiaren (1978-1992) anaia da, eta armadako brigada jenerala izan zen, buruzagitzaren parte izateaz gain; Callejas, berriz, jenerala izateaz gain, inteligentzia adarraren buruzagia ere izan zen Guatemalako armadan.

Beste zigorrak

2013an, Jose Efrain Rios Montt herrialdeko diktadore (1982-1983) izandako jenerala 80 urteko espetxealdira zigortu zuten bere agintaldian ixilen kontra egindako genozidioagatik —lehen aldiz epaitu zuten estatuburu ohia izan zen—, baina gerora herrialdeko Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen erabaki hori, zigorra ebatzi zuen epaileak Konstituzionalaren agindu batzuk bete ez zituelakoan.

Agintari ohiaren kontrako auzian, Hector Rosada Granados UNRG gerrillarekin bake negoziazioetan parte hartu zuen Guatemalako Gobernuko ordezkariak aitortu zuen «ixilen eremuan 1981-1983 artean estatuak genozidioaren» delitua egin zuela «sistematikoki».

Rios Monttek de facto gobernatu zuen Guatemalan 1982 eta 1983 artean, 46 urteko gerra zibileko urterik odoltsuenetan. Hamazazpi hilabete egin zituen agintean: tarte horretan, egunero 800 hilketa gertatu ziren batez beste.

2015ean, berriz, Hector Mario Lopez Fuentes Guatemalako jeneral erretiratua hil zen, etnia horren kontrako genozidioagatik zigortua eta Rios Montteren legealdian Defentsako Estatu Goreneko burua izana; indigena horiek desagerrarazteko Victoria 82 planaren egile intelektualtzat hartua zen Lopez Fuentes.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.