Gurtel auziko epaiak kolokan jarri du Rajoyren agintaldia

Espainiako presidentearen kontrako zentsura mozioa aurkeztea proposatu du Podemosek, eta PSOEk zuzendaritza deitu du ezohiko bilera batera, bihar. Ciudadanosek ohartarazi du epaiak "guztia" aldatzen duela legealdiari begira. PP, berriz, ebazpenaren kontra agertu da, eta helegitea aurkeztuko duela aurreratu du.

Mariano Rajoy Espainiako presidentea, Auzitegi Nazionalean deklaratzen, Gurtel auziko epaiketan, iazko uztailaren 26an. CHEMA MOYA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko maiatzaren 24a
07:25
Entzun

Hilabeteetako atzerapenarekin bada ere, Espainiako aurrekontuak onartuta, legealdia amaitu arteko bultzada jaso zuela pentsa zezakeen atzo Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Gaur, aldiz, ustelkeriarekin lotutako auzi batek zipriztindu du —hala ulertu dute behintzat oposizioko alderdi gehienek—, eta kinka larrian egon daiteke berak gidatzen duen gobernua. Izan ere, Auzitegi Nazionalak ustelkeri sare baten bidez aberasteagatik zigortu du PP, eta albistea ez da oharkabean pasa. Lehen aldia da alderdi politiko bat ustelkeriagatik kondenatzen dutena estatu espainiarrean. PPren kontrako presio mediatiko eta sozialak gora egin du —protestak izan dira alderdiaren Madrilgo egoitza nagusian— eta aurkari politikoek ere estu hartu dute; orain arte PPren makulu nagusi izan den Ciudadanosek barne.

Atzo aldeko botoa eman zion Ciudadanosek PPri, aurrekontuak onartu ahal izateko, baina gaur bestelakoa da kontua. Alderdiko presidente Albert Riveraren esanetan, Gurtel auziko epaia inflexio puntua izango da legealdirako. Epaiak "guztia aldatu du" haren esanetan, eta Ciudadanosek aurrerantzean PPrekiko zein jarrera hartu hausnartuko duela aurreratu du. Erabaki bat hartzeko eguna ere jarri du: ekainaren 11. Hala ere, egoera "oso larria" dela eta, zuzendaritzak data horren aurretik neurriak iragarri ditzake, Riveraren esanetan.

PPren aurrekontuak babestu zituen atzo EAJk ere, baina alderdi jeltzaleak ez du epaiaren ondorioez hitz egin nahi izan. Andoni Ortuzar alderdiko buruak Podemosen aurka jo du, eta adierazi du Rajoy presidente baldin bada, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren erruz dela.

Gainontzeko alderdiek bai, hitz egin dute. Podemos izan da aurrenetarikoa, eta gogor hitz egin du PPren kontra. Pablo Iglesiasek berehala eskatu du Rajoy gobernutik kentzeko zentsura mozioa. PSOEri aurkezteko galdegin dio, eta hala eginez gero Podemosek babestu egingo duela hitz eman du. Haren esanetan, Pedro Sanchez PSOEren buruak badaki hori. Iglesiasek uste du aurrera aterako litzatekeela mozioa, "katalanak gobernu progresista baten alde" daudelako.

Bestalde, Ciudadanos eta EAJ kritikatu ditu, atzo PPren aurrekontuak babestu zituztelako eta urtebeteko arnasa eman ziotelako Espainiako Gobernuan dagoen alderdiari, Gurtel auziko epaia kaleratzear zela jakin arren. "Kezkatu egiten gaitu EAJk eta Ciudadanosek gaizkileen alderdiari babesa emateak", esan du Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak. Gainera, erabat "lotsagarria" iruditu zaio Ciudadanoseko buru Albert Riverak gaur esatea epaiaren ostean birpentsatu egin behar duela PPri ematen dion babesa: "Ez dadila inor deskuidatu; PPk Ciudadanosen babesarekin gobernatzen du, eta Ciudadanos esatea PP esatearen parekoa da; Rivera esatea Rajoy esatearen parekoa".

PSOEk, oraingoz, ez du Rajoyren gobernuaren kontrako neurririk iragarri, baina ezohiko bilerara deitu du zuzendaritza, epaiaren ondorengo egoera politikoa aztertzeko. Espainiako hainbat hedabideren arabera —alderdi sozialistaren barneko iturriak aipatzen dituzte—, Sanchez zentsura mozioa aurkezteko aukera aztertzen ari da. Momentuz, baina, PSOE PPren eta Espainiako Gobernuaren erantzuna kritikatzera mugatu da.

Alderdi popularra ez dator bat ebazpenarekin; ziurtatu duenez, PPk ez baitu sekula zigortu diren gertakarien berri izan. Horregatik, epaiari helegitea aurkeztuko diola jakinarazi du.

Espainiako Gobernuak, berriz, adierazi du epaitu diren gertakariek ez diotela "inolaz ere eragiten". Rajoyren gobernuak nabarmendu duenez, "PPko zuzendaritzako inork, ez egungo zuzendaritzakoak ezta aurrekoetakoak ere, ez zuen berri izan eta are gutxiago babestu jardun irregularrik".

PSOEk "onartezin" jo du PPren eta hark sostengatzen duen gobernuaren erantzuna. Oscar Puente bozeramaileak "sistemaren kontrako alderdia" izatea egotzi dio PPri, "ustelak baztertu beharrean", arazoa orokortzen saiatzen ari dela iritzita. Puenteren esanetan, "epaiak bere kabuz hitz egiten du", eta nabarmendu du PPri zigorra ezarri diola auzitegiak, ustelkeria sarearen bidez onura ekonomikoak izateagatik.

PSOEk zentsura mozioa aurkezten badu, PDeCATen babesa ere izango duela jakinarazi dio alderdi sozialistari Carles Campuzano bozeramaileak. Zentsura mozioa aurkeztuko ez balu, Rajoyk dimisioa aurkeztu behar lukeela defendatu du.

Geroa Bairen iritziz, "oso larria" da Auzitegi Nazionalak PPri ezarritako zigorra. "Demokrazian ustelkeriagarik kondenatutako lehen alderdia izateko zalantzazko ohorea du" PPk, haren esanetan. Epaiak PP eta Rajoy gobernatzeko ezgaitu dituela ziurtatu du, eta hausnarketara deitu ditu Kongresuko oposizioko taldeak, "ganberako gehiengo aurrerakoia islatuko duen" hautagai bat adosteko.

Auzitegiak ez dio sinesten

Oposizioko indarrez gain, Rajoyren orain arteko diskurtsoa auzitan jarri du Justiziak ere. Auzitegi Nazionalak epaian jaso duenez, Rajoyk ez zuen egia esan alderdiaren B kutxari buruz.

Auzitegiak ebazpenean azaldu du B kutxari buruz epaileen aurrera hitz egitera joan ziren PPko zuzendaritzako kideek, Rajoy bera barne, ez zirela sinesgarriak izan alderdiak B kutxa zuenik ukatu zutenean.

Magistratuek adierazi dute ezin dituztela aintzat hartu Rajoyren eta Pio Garcia Escudero edo Javier Arenas zuzendaritzako kideen lekukotza, B kutxa bazela aitortzeak Ogasunari ezkutatutako dirua jaso zutela aitortzea litzatekeelako, eta horrek "gaitzespen soziala" merezi dutela pentsatzera eramango lituzkeelako.

Beraz, auzitegiaren esanetan, haien testigantza "ez da nahikoa sinesgarri B kutxa badela adierazten duen frogra sendoari aurre egiteko". Horren adierazgarri, auzitegiak aipatu du Arenasek eta Garcia Escuderok zeharka baieztatu zituztela B kutxako ohar batzuk. "Hau da, alderdiaren B kutxaren oharretan agertzen zenari buruzko xehetasunak eman zituzten".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.