Lekukoen arabera, sarraskia itzela eragin du atentatuak: bonba-autoa leherrarazi duten inguruan gorpuak eta zauritutako jendea non-nahi ikusten dela jakinarazi diete nazioarteko albiste agentziei.
Hain zuzen ere, Hillako osasun zentro baten atarian gertatu da erasoa, goizeko 09:30ak inguruan (07:30 Euskal Herrian). Irakeko Gobernun lanpostuak eskuratzeko beharrezkoa den osasun azterketa egiteko ilaran zain zegoen jendea zentro horren atarian, eta atentatuak bete-betean harrapatu ditu. Agintarien arabera, ilara horretan zeuden zibilak dira hildakoetako gehienak.
AEBek babestuta eratu den Irakeko Gobernuarekin zerikusia duen guztia erresistentziaren jomuga da azkenaldian.
Era berean, erasoa gertatu den lekuaren ondoren Hillako Ilargi Gorriaren egoitza dago. Hain zuzen ere, erakunde horretako bozeramaileek jakinarazi dute dagoeneko 116 lagunen gorpuak jaso dituztela, eta zaurituak 130etik gora direla. Zaurituetako batzuk oso egoera larrian daudela azpimarratu dute.
Irak