Mundua

Gutxienez 12 lagun hil dira Afganistanen, polizien kontrako bi eraso suizidatan

Bi ekintzailek egin dituzte erasoak, polizia etxe banatan, eta hildako gehienak poliziak dira. 27 lagun zauritu dira. Atzo talibanek bi soldadu britainiar hil zituzten hegoaldean.

2009ko martxoaren 16a
12:19
Entzun
Gutxienez 12 lagun hil dira gaur goizean Afganistanen, polizien kontrako bi eraso suizidatan, hegoaldean eta mendebaldean. Opio landareak erauzteaz arduratzen diren unitateen kontrako erasoak izan dira.

Lehenbiziko erasoa hegoaldean, Helmand probintziako Lashkar Ga hiriburuan egin du polizia arropak zeramatzan ekintzaile batek. Polizia etxean sartu, eta aldean zeramatzan lehergailuak zartarazita bere buruaz gain beste bederatzi lagun hil ditu, gehienak poliziak. Halaber, 25 lagun zauritu ditu.

Bigarren erasoa Fara probintziako Delaram barrutian gertatu da. Ekintzaile batek polizia etxearen atarian polizia bat hil du, granada bat jaurtita, eta polizia etxera sartzera zihoala, beste polizia batek tiro egin dio, eta ekintzaileak aldean zeramatzan lehergailuak leherrarazi ditu. Ondorioz, ekintzailea hil eta inguruan zeuden bi lagun zauritu dira.

Afganistan da mitxoleta landarearen -opioa bertatik ateratzen da- munduko ekoizlerik handiena: %92 ekoizten du. Ekintzaile talibanek eta hainbat leinu eta gerra jauntxok, besteak beste, opio trafikotik irabazi handiak lortzen dituzte.

Okupazio indarrak ere jomugan

Bestalde, atzo ustez ekintzaile islamistek bi soldadu britainiar hil zituzten hegoaldean, Helmand probintzian. Okupazio indarretako konboi blindatu baten kontrako erasoan hil ziren bi soldaduak.

AEBek, Erresuma Batuaren eta beste estatu batzuen laguntzarekin 2001eko urrian Afganistan inbaditu eta okupatu zutenetik 152 soldadu britainiar hil dituzte herrialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.