Elur jausiek, uholdeek eta tenperatura apalek hondamendia eragin dute Pakistanen eta Afganistanen. Oraingoz 132 dira hildakoak —93 Pakistanen eta 39 Afganistanen—, baina litekeena da kopuru hori handitzea datozen orduetan, dozenaka baitira desagertuak.
Kaxmir izan da, hala ere, denboraleak gogorren jo duen eremua. Han, 62 dira hildakoak. Horietatik 19 Neelum bailaran hil dira, elur jausi batek harrapatuta. Agintarien arabera, beste hamar pertsona desagertuta daude.
Iparraldeko mendi inguruetako eskolak eta errepideak ixteko agindu dute agintariek. Egoera ez da askoz hobea Balutxistanen, non 31 baitira oraingoz hildakoak, gehienak emakumeak eta haurrak. Afganistango mugatik gertu 300 etxe suntsitu dituzte elur jausiek.
Pakistango lehen ministro Imran Khanek laguntza eskatu die militarrei eta gobernuko kideei. Izan ere, datozen egunetarako ere tenperatura oso txikiak espero dituzte inguru hartan.