Gutxienez 152 lagun hil dira Islamabadetik gertu izaniko hegazkin istripu batean

Eguraldi txarraren eraginez, aireportutik zortzi kilometrora muino bat jo zuen hegazkinak

2010eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Hegazkin batean zihoazen 152 bidaiariak hil ziren atzo Pakistanen, Islamabadeko aireportutik zortzi kilometrora. Gidariak kontrol dorrearekin kontaktua galdu zuen, eta aireportutik zortzi kilometrora dagoen muino bat jo zuen. Ramzan Sajid Islamabadeko Hiriburuko Garapenerako Aginpideko bozeramaileak adierazi zuen lehenengo salbamendu zerbitzuak iritsi zirenean hainbat lagun bizirik zeudela, baina ezin izan zituztela salbatu. Istripua gertatu zen tokian errepiderik ez egoteak eta eguraldi txarrak asko zailtzen ditu salbamendu taldeen lanak.

Hildako kopuruarekin zalantzak izan zituzten hasiera batean, Pakistango Geo TV telebista katearen arabera, hamabi lagunek hegazkina galdu baitzuten.

Istripuaren arrazoiak argitu gabe daude oraindik, baina Air Bluek, hegazkinaren jabe zen konpainiak, esan du kasua argitzeko ikerketa bat egingo duela eta emaitzak ahalik eta azkarren jakinaraziko dituztela. Istripua izan den eremuan azken egunetan eurite ugari egon dira, eta Air Blueren iritziz, istripua eguraldi txarrak eragin zuen. Islamabadeko aireportuko ofizialek ordu batzuk lehenago eremu berean bi hegazkinek buelta eman zutela adierazi zuten.

Konpainiaren eta Pakistango abiazio zibilaren hitzetan, hegazkinak aireratu aurretik ez zeukan inolako arazorik, eta pilotuak ez zuen inolako arazo teknikori buruz ezer esan.

Pilotuek inoiz baino ordu gehiagotan hegan egin behar dutela salatu dute, eta horrek nekea eragiten diela. Horrez gain, Geo TVren arabera, pilotuak 65 urte zituen, eta Pakistango airelinea estataletik erretiratua zegoen. Atzokoa Pakistanen izan duten istripu larriena da, eta 2004an martxan jarri zen Air Blue konpainiaren bigarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.