IRAKEKO OKUPAZIOA

Gutxienez 20 lagun hil dira Palestina hotelaren aurkako erasoaldian

Al Anbarrekin bi dira Konstituzioari ezetz esan dioten probintziak

Erredakzioa
2005eko urriaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mendebaldeko kazetariek eta okupazio indarren soldatapekoek ostatu hartu ohi duten Palestina hoteletik gertu hiru lehergailu eztandarazi zituzten atzo. Erasoan gutxienez 20 pertsona hil eta beste 40 inguru zauritu ziren. Ekintzaileetako batek hoteleko sarreraren aurka talka egin zuen, lehergailuz betetako kamioi batekin. Beste bi bonba-autoak hoteletik gertu zegoen kontrol-gune baten aurka leherrarazi zituzten. AEBetako iturrien arabera, atentatuan hamar irakiar hil ziren. Irakeko Barne Ministerioaren esanetan, berriz, bi minutuko tartean leherrarazi zituzten hiru ibilgailuak. Atzokoa ez zen izan Palestina hotelaren aurkako lehen erasoa. 2003ko apirilean, AEBetako soldaduek hotela tirokatu eta Jose Couso kamerari galiziarra eta Taras Protsiuk kazetari ukrainarra hil zituzten.

Bestalde, bost gizonen eta hiru emakumeren gorpuak aurkitu zituzten atzo Bagdaden. Handik gertu, ekintzaile suizida batek bonba-auto bat leherrarazi eta bi irakiar hil zituen. Horretaz gain, Kurdistango Alderdi Demokratikoko kide Ibrahim Zangana larri zauritu zen leherketa batean. Herenegun, hamabi langile irakiar hil zituzten tiroz Musaib herritik gertu. Sunitak gehiengoa diren lau probintzietatik bitan Konstituzioaren aurkako botoak irabazi du. Atzo jakin ziren Al Anbarreko emaitzak, eta han ezetz bozkatu zuten hautesleen %96k. Salaheddinen ere ezezkoa izan zen garaile. Diala da, oraingoz, gehiengo sunita izan arren, baiezkoak irabazi duen leku bakarra. Niniveko datuak geratzen dira jakiteko. Ezezkoak irabaziz gero, Konstituzioa bertan behera geratuko da eta hasieratik hasi beharko dute. Emaitzak gaur edo bihar jakingo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.