Gutxienez 20 palestinar hil eta dozenaka zauritu zituen atzo Israelgo Armadak Gaza eskualdeko hegoaldean, Egiptorekin mugan, dagoen Rafa hiriko errefuxiatu guneko Tel al Sultan auzoan. Palestinarrek «gerra krimen» iritzi zioten sarraskiari. Egunotan Gaza eskualdean, eta Rafa hirian bereziki, oldarraldi eta suntsiketa ugari egiten ari da Israelgo Armada, arma kontrabandorako tunelak suntsitzera doala argudiatuta. Atzo zauritutako batzuk odolustuta hil zirela eta soldaduek anbulantziei ere tiro egiten zietela salatu zuten palestinarrek. Israelek Ortzadarra Hodeietan izenez bataiatu zuen erasoaldia, bukatzeko epea zehaztu gabe horretan segitzeko asmoa azalduta.
Goizaldeko ordu txikietan abiatu zuen erasoa Israelgo Armadak, Apache helikopteroak, tankeak, ibilgailu blindatuak eta jeep-ak baliatuta. Armada hurbiltzen ari zela jakin ahala, milaka biztanlek etxeetatik ihes egin zuten, gerta zitekeenaren beldur. Helikopteroek hainbat misil jaurti zituzten eta kalera ateratzen zirenen kontra tiro egiten zutela esan zuten lekukoek. Iturri medikuen arabera, zaurituen kopurua 55ekoa izan zen, horietako batzuk larri zeudelarik. Hildakoen artean 14 eta 15 urteko bi anaia-arreba, Asma eta Mohamed Mughaier daude. Etxeko terrazan zirela tirokatu zituzten soldadu israeldarrek, eta anbulantziei bertaratzen utzi ez zietenez, gutxienez hiru ordu egon ziren odolusten, lekukoek eta iturri medikuek jakitera eman zutenez.Rafako ospitale bakarrak ezin izan zituen zauritu guztiak hartu eta ama berrientzako atalera eraman zituzten batzuk. Ebakuntzetarako odol beharrean zirela adierazi zuten medikuek.«Israelek gure herri babesgabe, okupatu eta gogorki zigortuaren kontra eginiko benetako gerra krimenak dira hauek», salatu zuen Rafako alkate Said Zurubek. Errefuxiatu guneko bizilagun eta irakasle Amna Abu Shaueshek esan zuenez, erasoak aitak txikitan kontatutako istorioak gogorarazi zizkion: «1948 aurretik Ashdoden [egungo Israel] zuen etxea utzi behar izan zuen familiak».Rafakoak ez ziren atzo Armadak egin zituen hilketa bakarrak. Izan ere, Nabulus hiriko casba-n (alde zaharra) 24 urteko Abul Rahman Okasha palestinarra hil zuten. Halaber, Janin ondoko Anza herrian palestinar bat hil eta beste bat zauritu zituzten soldaduek. Hirugarren batek ihes egitea lortu zuen. Gainera, Rafatik gertu dagoen Khan Iunis hirian soldaduek etxebizitzen kontra tiro eginda 54 urteko palestinar bat larri zauritu zuten.
«Hondamendia»
Hilketengatik protesta egiteko greba orokorra egin zuten Jerusalemdik iparraldera, elkarren ondoan dauden Ramala eta El Bire hirietan. Palestinako Aginte Nazionalak Tel Aviveko gobernua Gazan «gerra krimenak» egiteaz akusatu zuen. Horrez gain, Israelgo Armadaren operazioak «hondamendi humanitarioa» eragiten ari direla nabarmendu zuen.
Israelgo Armadako eledun Ruth Yaronek, bere aldetik, ukatu egin zuen anbulantziei pasabidea mozten ari zaizkionik. Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi ordezkari Javier Solanak erasoak gaitzetsi eta zera erantsi zuen: «Hori ez da Israel Gazatik erretiratzen ikusi nahi dugun modua». Etxebizitzen suntsiketa «Errepide Maparen espirituaren kontrakoa» dela gehitu zuen.Estatu Batuetako presidente George Bush «asaldatua» agertu zen. Aitzitik, AIPAC lobby juduari hauxe esan zion: «Israelek terrorismoaren kontra bere burua defendatzeko eskubide osoa du».Palestinarren etxebizitzak suntsitzeko Israelgo Gobernuak daraman politikari «gerra krimen» iritzi zion atzo Amnesty Internationalek kaleratutako txosten batean. Ildo bereko salaketa egin zuen NBEk errefuxiatu palestinarrentzat duen erakundeak, UNRWAk. Gainera, nazioarteari galdegin zion indarrezko neurriok gerarazteko. Erasook Israelen segurtasunari batere laguntzen ez diotela esateaz gain, erakundea «oso kezkatuta» agertu zen, Israelek etxebizitza gehiago suntsitzeko planak dituelako.Erresistentzia palestinarreko talde armatuek okupazio indarren erasoei aurre egiteko ekintza bateratuak egingo dituztela iragarri zuten atzo. Ildo horretan, Al Aksako Martirien Brigadetako Rafako buruzagi batek honakoa adierazi zuen: «Gure martirien odola ez da alferrik isuria izango; etsaiaren aurkako borroka Janingo gudaldia bezalakoa izango da». 2002ko apirilean Israelgo Armadak Janingo errefuxiatu gunearen kontra eginiko erasoan dozenaka palestinar hil, hainbat zauritu eta ehunka etxebizitza suntsitu zituen. Ekintzaile palestinarrek, aldiz, 27 soldadu hil zituzten orduan.
EKIALDE HURBILEKO GATAZKA
Gutxienez 20 palestinar hil ditu Israelgo Armadak Rafa hirian
Tel Avivi «gerra krimenak» egitea leporatu dio PANek, eta «giza hondamendiaz» ohartarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu