Gutxienez 240 pertsona hil eta 300 galdu dira uholdeen ondorioz

Alerta egoera ezarri dute, ibai guztiek gainezka egingo duten beldur, euria gogotik ari baitu

Erredakzioa
2004ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Dominikar Errepublikak eta Haitik osatzen duten Karibeko Hispaniola uhartean gutxienez 240 pertsona hil dira azken egunotan, duela bi aste hasi zen euritearen ondorioz ibaiek gainezka egin ondoren. Hildakoak, ordea, askoz ere gehiago izan daitezkeela ohartarazi zuten atzo agintariek. Hainbat informazio iturriren arabera, dagoeneko 300 dira uhartean aurkitutako gorpuak, eta kopurua bikoiztu egin daiteke datozen egunotan. Uholdeen eraginez galduta daudenak, berriz, 300 inguru izan daitezke. Beste 13.000 pertsonak etxea galdu dute.

Hispaniola uhartearen hegoaldean izan da hondamendi handiena, Dominikar Errepublikak eta Haitik muga egiten duten eremuan; Jimani (Dominikar Errepublika) eta Font Verette (Haiti) herrixketan hain zuzen ere.Aurrenekoan, gaua eta goizaldea bitartean, bi ibaik gainezka egin eta gutxienez 110 pertsona hil ziren, tartean ume eta gazte ugari. «Haitin jaio den Solie ibaiak gaueko ordu bata eta hirurak bitartean egin zuen gainezka, eta urak herria erabat suntsitu zuen jendea lotan zegoela», adierazi zuen COE Salbamendu Operazio Batzordeko zuzendari Radhames Lorak. Bost orduan 247 metro kubo ur bota zuen, inoiz herrian izandako euri jasa handiena.Jimaniko Legebiltzarreko diputatu Atila Perezek atzo jakinarazi zuenez, herriaren egoera larria da oso: «Urak 200 familia inguru eraman zituen eta etxe guzti-guztiak lokatzez beteta daude. Ez dago kalterik izan ez duen etxe bakar bat ere». Salbamendu taldeek arazoak dituzte gorpuak jasotzeko. «Aizkorak eta aihotzak behar dira», adierazi zuen Perezek. Gorpu asko Enriquillo aintziran egon daitezkeela pentsatzen dute agintariek;krokodiloak daude bertan.

Milaka ebakuatu, eta eguraldi iragarpen txarra

Ospitalea ere suntsituta dago, eta, ondorioz, inguruko herrietako ospitaleetara eraman behar izan zituzten zaurituak. Uholdea hilerriraino iritsi zela eta, beraz, gorpuak hobi komunetan lurperatu beharko dituztela jakinarazi zuten, halaber.

Agintariek bertan larrialdi gorri egoera ezarri zuten atzo. Herrialdean, berriz, larrialdi horia.Jimani herriaz gainera, beste eskualde batzuek ere oso hondamen handiak izan dituzte, tartean, Maria Trinidad Sanchez, San Francisco de Macoris, Azua, Bahoruco, La Vega eta Santiago. Arroza landatuta dagoen lur sailak urez beteak daude erabat, eta uzta txarra izango dela ohartarazi dute. Herrialdea pobrea da eta herritarren gehienak nekazaritzatik bizi dira. Hiriburuan, berriz, trafiko arazo larriak izan ziren atzo. Orotara 7.500 pertsona ebakuatu behar izan dituzte Dominikar Errepublikan. Haitin, berriz, 100 dira mementoz hildakoak. Egoera larriena Port-au-Prince hiriburutik iparraldera dagoen Fonds Verettes herrikoa da. Ibaiak atzo egin zuen gainezka bertan.Euritea duela bi aste hasi zen uhartean eta euri jasak iragan astean areagotu ziren. Meteorologia Bulego Nazionalak atzo iragarri zuenez, gutxienez bihar arte gogotik egingo du euria, eta tartean baliteke haize bolada gogorrak izatea. Ibai guztiak gainezka egiteko zorian dira, eta, ondorioz, alerta egoera ezarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.