Azken orduetan izandako euriteek uholdeak eragin dituzte Txina erdialdeko Henan probintzian, eta gutxienez 25 lagun hil dira; horietatik hamabi, Zhengzhou hiriko metroan. Urak gainezka egin zuen metroko zenbait bagoitan. Momentuaren zenbait bideo zabaldu dira sare sozialetan. Horietan, bidaiariak ageri dira ura leporaino dutela.
Metroan izandako kolapsoaren aurretik, bertan behera geratu zen autobus publikoen zerbitzua. Horrek jende asko metroa hartzera eraman zuela azaldu dio herritar batek Reuters agentziari. Metroan hildako hambi lagunez gain, bost lagun zaurituta eraman dituzte ospitalera, eta beste bost onik daude. Horietako batek bere testigantza eman du Twitterren: «Guztiz ikaratuta nengoen, baina beldurgarriena ez zen ura, baizik eta geroz eta aire gutxiago zegoela bagoian».
Gobernuak armada mobilizatu du, eta erreskate lanetan ari da. Dagoeneko 200.000 lagun ebakuatu ditu euren bizilekutik.
This is currently the city of Zhengzhou in China. We are in a climate emergency. #ClimateActionNow#ClimateEmergency#China#Floodspic.twitter.com/7OdraXHcKK
— Kevin Mtai (@KevinKevinmtai) July 20, 2021
Larunbat gauean hasi zen euri jasa, eta ordutik 617 litro bota ditu hirian . Zhengzhoun urtean izaten den litro kopurua ia berdindu egin duela jakinarazi dute hiriko funtzionarioek. Alerta meteorologikoa bere gorenean dago hiri horretan atzoz geroztik, eta euriteek gaur gauera arte iraungo dutela espero dute. «Halako euriteak ehun urtean behin gertatzen dira. Egoera etsigarria da», adierazi du uholdeak kontrolatzeko Zhengzhouko zentroak.
Henango agintariek jakinarazi dute, bestalde, euriteek nabarmen igo dutela probintziako urtegien ur maila, eta horietako bik hausteko arriskua dutela. Horregatik, haieninguruko herrietan bizi direnak ebakuatu egin ditu armadak.