AEBek gutxienez 30 zibil hil dituzte Iranen egindako azken erasoetan

Teheranek jakinarazi dunez, azken egunetako oldarraldian 260 herritar baino gehiago zauritu ditu AEBetako armadak. Azpiegitura zibilei eraso egiten hasiko dela egin du mehatxu Trumpek.

Trump hilda irudikatzen duen horma irudi bat, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Trump hilda irudikatzen duen horma irudi bat, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko uztailaren 15a
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gerra bueltan da. Erasoak erabat geldiarazi ez bazituzten ere, Iranen eta AEBen arteko gatazka baretu egin zen ekainaren erdialdean bake akordio bat sinatu ostean. Azken egunetan, baina, areagotu egin dira bi aldeen arteko borrokak, eta, gaur astebete, Donald Trump AEBetako presidenteak ziurtatu zuen su etena jada ez zegoela indarrean. Ordutik, gerran dira berriz, eta gaur Teheranek jakinarazi du gutxienez 30 zibil hil eta beste 260 zauritu dituztela AEBek azken oldarraldian.

Irango Gobernuko bozeramaile Fatemeh Mohajeranik gaur eman du azken erasoen ondorioz hildako zibilen berri. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean argitu du gutxienez 30 pertsona hil dituztela herrialdearen hegoaldean egindako erasoetan. Gainera, Irango Osasun Ministerioak jakinarazi du 260 pertsona baino gehiago zauritu dituztela azken astean egindako erasoetan.

Iragan astean hasitako erasoaldian, batez ere Irango kostaldea izan du jomugan AEBetako armadak, Ormuzko itsasartearen ingurua. Izan ere, Washingtonek argudiatu du itsasarte horretan Teheranek eraso egin diela hainbat itsasontziri, eta erantsi du eraso horiek eragozteko hasi duela azken oldarraldia.

Halere, egin dituzte erasoak herrialdeko beste hainbat gunetan ere. Gaur goizaldean, AEBetako armadak jakinarazi du beste eraso olde bat egin duela Irango dozenaka helburu militarren aurka. Besteak beste, baseak, droneen biltegiak eta defentsa sistemak jo dituztela esan du armadak. Horietako batean, Bampur hiriko base militar bat bonbardatu dute, Iran ekialdean. Armadak zabaldutako ohar baten arabera, AEBek 13 misil jaurti ditu base horren kontra, eta zazpi soldadu hil ditu. Eraso horren «mendekua» hartuko duela ziurtatu du armadak.

demokratek AEB-etako defentsa arloko lege bat blokeatu dute

AEBetako Defentsa Departamentuaren funtzionamendurako ezinbestekoa den lege proiektu bat blokeatu dute Senatuko demokratek. Urtez urte, demokraten zein errepublikanoen babesarekin onartu ohi dute Defentsa Nazionalerako Baimen Legea; hartan finkatzen dituzte Defentsa Departamentuaren politikak, lehentasunak... Atzo, baina, Alderdi Demokratako senatari guztiek (45) lege proiektuaren kontra bozkatu zuten. Aurrera egiteko beharrezkoa da ganbera hori osatzen duten ehun senatarietatik hirurogeik aldeko botoa ematea. Senatuan demokraten buru denak, Chuck Schumerrek, ohartarazi du bere alderdiak ez duela lege proiektu hori babestuko Irango erasoaldia bertan behera utzi arte. Kontuan hartu behar da ekainean Ordezkarien Ganberak eta Senatuak ebazpen bat onartu zutela Donald Trump AEBetako presidenteari Irango gerra geldiaraztea exijitzeko.

AEBen gaurko erasoei erantzunez, Iranek AEBek Persiar golkoko herrialdeetan dituen baseak izan ditu jomugan, beste behin. Kuwaiten, Bahrainen eta Jordanian egin ditu erasoak Irango Guardia Iraultzaileak. Hiru herrialde horiek jakinarazi dute aire erasoen kontrako alarmak aktibatu dituztela gaur ere. Guradia Iraultzaileak, gaur kaleratutako ohar batean, esan du «suntsitu» egin duela AEBek «mendebaldeko Asian duten operazio gune nagusia» Kuwaiten egindako erasoan. Eta gaineratu du Jordanian hainbat baseri eraso egin diola eta Bahrainen AEBetako Bosgarren Flotaren erregai biltegiak suntsitu dituela.

Gainera, Guardia Iraultzaileak ziurtatu du Ormuzek itxita jarraituko duela AEBek eraso guztiak bertan behera utzi arte eta Irango portuei ezarritako blokeoa kendu arte. «Eskualdeko petrolio eta gas esportazioak guztiontzat izango dira, ala inorentzat ere ez», adierazi du Guardia Iraultzaileak, ohar batean.

Trumpek herenegun iragarri zuen, eta, atzo, AEBetako armadak berriz ere blokeoa ezarri zien Irango portuei. Gainera, Washingtonek aurreko astean berrezarri zizkien zigorrak Irango petrolio esportazioei —memorandumean adostu zuten zigor horiek bertan behera uztea 60 egunez—. AEBetako presidenteak esan zuen Ormuz igarotzen duten ontziek %20ko bidesaria ordaindu beharko dietela AEBei, «segurtasuna bermatzeagatik». Halere, ordu batzuen buruan, atzera egin zuen erabaki horretan.

Trumpen mehatxua

Azken erasoaldiaren inguruan hitz egin du bart Fox telebista katean Trumpek. Jakinarazi du atzo hitz egiten aritu zirela Irango eta AEBetako ordezkariak, baina, gaineratu duenez, orain ez du negoziazio mahaira itzultzeko asmorik. Halere, enegarrenez, kontraesanetan erori da, eta negoziazioetara itzultzeko exijitu dio Teherani. Iranek akordio bat onartzea nahi du, eta datorren astea baino lehen onartzen ez badu herrialdeko azpiegitura zibilak jotzen hasiko dela egin du mehatxu: «Mahaian esertzen ez badira, zentral elektriko guztiak suntsituko dizkiegu, zubi guztiak suntsituko dizkiegu».

Gainera, Ormuzi dagokionez, oroitarazi du pasabidea irekita dagoela nazioarteko itsas nabigazioarentzat; ez, ordea, Irango portuetara doazen edo handik ateratzen diren ontzientzat. Eta Irango agintari «berriei» buruz ere mintzatu da, eta esan du horien artean ere «pertsona oso txarrak» daudela, eta negoziazioak oztopatzen ari direla.

5

 

Zenbat urteko kartzela zigorra ezarri dioten Israelgo soldadu bati, espioitzagatik. Israelgo auzitegi militar batek bost urteko espetxe zigorra ezarri dio Israelgo armadako militar bati, Iranentzat espioitza lanetan aritzea egotzita. «Etsaiari mesede egin liezaiokeen informazioa bidaltzea» leporatu diote soldaduari, Irango «agente» bati Israelen aireko defentsa sistemen bideo batzuk bidaltzeagatik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA