Leherketa handi bat izan da Bagdadeko Sadr City auzo xiitan, eta 35 lagun hil dira, gutxienez. 57 zauritu ere badaude. Al-Wahailat merkatuan izan da erasoa. Eid al-Adha ospakizun eguna da bihar musulmanentzat, eta, egun horren bezpera izaki, jende asko zegoen merkatuan erosketak egiten.
«IED batekin» —inprobisatutako lehergailuak, ingelesezko sigletan— egin dute erasoa, Irakeko Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi due4nez. «Lehergailu teknikariak leherketaren lekura iritsi dira, eta susmoa dute leherketa suizida batek eragin duela», adierazi du Irakeko Shafaq News agentziak aipatutako iturri batek.
Abdala al Huseini poliziaburuak azaldu du leherketak kalte handiak eragin dituela merkatuan, eta balitekeela jende gehiago hiltzea datozen orduetan.
Inongo taldek ez du ekintza bere gain hartu, baina zenbait hedabidek EI Estatu Islamikoarekin lotu dute, aurrez ere antzeko erasoak eginak dituelako. Iragan apirilean beste atentatu bat izan zen leku berean. Orduko hartan, merkatuaren inguruan aparkatutako bonba auto bat zartarazi zuten.