Gutxienez 40 pertsona hil dira Kordoban, bi trenen arteko istripu batean

Abiadura handiko lineako bi trenek elkar jo dute bart. Hildakoez gain, 41 lagun ospitaleratu dituzte, eta hamabi lagun daude zainketa intentsiboetako unitatean; bederatzi, larri. Zer gertatu den ikertzen ari dira.

Istripua izan zuten trenak eta larrialdietako zerbitzuak, atzo, airetik hartutako irudi batean. EFE
Istripua izan duten trenak eta larrialdietako zerbitzuak, airetik hartutako irudi batean. EFE
Nerea Intxausti Castiñeira - Kristina Martin
2026ko urtarrilaren 19a
20:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bart gauean istripua izan dute bi trenek Adamuzen, Kordoban (Espainia). Gaur arratsaldeko azken datuen arabera, gutxienez berrogei pertsona hil dira, eta Andaluziako 112 larrialdi zerbitzuko iturriek jakinarazi dute litekeena dela gehiago ere izatea. Eguna argitzerako abiatu dituzte bilaketa lanak. Eguneratutako azken informazioaren arabera, guztira 122 bidaiari artatu dituzte. Horietarik 41 daude oraindik ospitaleratuta —horien artean lau haur—, eta haietatik hamabi ZIU zainketa intentsiboetako unitatean daude; larri daude haietatik bederatzi.

Madrildik Malagarako (Espainia) bidaia egiten ari zen Iryo enpresako tren bat errailetik atera zen. Adamuz herrirako irteera batean gertatu zen ezbeharra, igande iluntzean, 19:45 aldera. Aldi berean, Huelvarako bidea egiten ari zen beste tren bat, Renferena, ondoko trenbidetik pasatzen ari zen, eta elkar jo zuten. Bi trenak bidetik atera ziren, eta zenbait bagoi irauli egin ziren: lehen treneko azken hiru bagoiak eta bigarren treneko bi lehenak. Bagoi batzuk lau metroko amildegi batera erori ziren.

Biktimak identifikatzeko zantzuak bilatzen ari dira . ESPAINIAKO GUARDIA ZIBILA
Biktimak identifikatzeko zantzuen bila. ESPAINIAKO GUARDIA ZIBILA

Normalean, trenbidean oztoporen bat egonez gero, segurtasun sistema aktibatzen da: trenbide tartea blokeatu egiten du, eta zirkulazioa galarazten, larrialdiko balaztatzea aginduta. Alta, Iryo treneko atzealdeko bagoiak errailetik atera eta hogei segundora igaro zen Alviako trena, segurtasun sistema abiarazteko denborarik eman gabe.  

Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak sare sozialetan adierazi du kolpea «izugarria» izan zela eta bigarren trenaren azken bi bagoiak «airean» atera zirela. Halaber, nabarmendu du «oso arraroa eta azaltzeko zaila» dela istripua gertatu izana, trena berria baitzen —2022an ekoitzia—,  eta ezbeharra jazo den trenbidea ere orain dela hilabete eskas batzuk berritu baitzuten, iazko udaberrian. Iryo Italiako tren konpainiak jakinarazi duenez, berriz, bidetik atera den trena —Iryo 6189— urtarrilaren 15ean ikuskatu zuten. 

Istripua gertatu den tokian ez zegoen bihurgunerik, eta trenbide zuzeneko tarteetan gehienez orduko 250 kilometroko abiaduran joan daitezke. Alta, bi trenak baimendutako abiaduran mugitzen ari ziren orduan —Iryo konpainiarena orduko 205 kilometroko abiadan, eta Renferena, orduko 210 kilometrokoan—.

Arratsaldean Espainiako La Sexta telebista kateari emandako elkarrizketan, Puentek baieztatu du istripua gertatu zen tokian erraila «hautsita» zegoela. Haren esanetan, 200-300 metroko tartean hainbat puntutan zegoen matxuratuta, baina oraindik ez dakite matxura horiek istripuak eragin dituen edo hausturak istripua bera eragin ote duen. Irmo ukatu du trenbidea gaizki soldatuta zegoela. «Azalpen hori ez da bideragarria». Istripua gertatu aurreko hogei minutuetan, beste hiru tren igaro ziren toki beretik, eta ez zen arazorik detektatu.

Otsailaren 2rako prest

Beraz, oraindik ez dakite zerk eragin duen istripua, eta, hura ikertzeko, Trenbide Istripuen Ikerketa Batzordeak (CIAF) espedientea ireki du. Madril eta Andaluzia arteko abiadura handiko trenen zirkulazioa bertan behera utzi dute, eta, Alvaro Fernandez Heredia Renfeko presidenteak ohartarazi duenez, ez da berehala jarriko berriz martxan. «Renfeko bi ibilgailuak txikituta daude», iristeko zaila den leku batean. Hori dela eta, denbora beharko dute istripua izan duten bagoiak handik kentzeko. Gainera, azaldu du azpiegitura berritu beharko dutela: «Trenbidea, seinalizazioa... egun batzuk emango dituzte horretan». Puentek aurreratu du ziurrenik otsailaren 2rako prest egongo dela berriz.

Andaluziako 112 larrialdietako zerbitzuek zabaldutako informazioaren arabera, ezbeharra izan duten bidaiariak eta haien senitartekoak Kordoba hiriburura eraman dituzte. Harreragune bat jarri dute hango zentro zibiko batean, eta han, besteak beste, Gurutze Gorria, psikologoak eta osasun zerbitzuak daude, biktimei laguntzeko.

Erantzun koordinatua

Espainiako eta Andaluziako bi presidenteak Adamuzen azaldu dira prentsaren aurrean, 14:00ak aldera. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak hiru eguneko dolua ezarri du, eta agindu ikertuko dituztela istripuaren arrazoiak. «Denok galdetzen diogu geure buruari zer gertatu den. Egia agerian geratuko da, eta gardentasunez jakinaraziko diegu herritarrei», esan du. «Biktimek nire berme osoa dute babestu eta zainduko ditugula behar den denbora osoan». 

Bestalde, Juan Manuel Moreno Andaluziako presidenteak azaldu du identifikazio lanak egiten ari direla, eta iragarri du lan «gogorra, konplexua eta intentsitate handikoa» izango dela. Biek goraipatu dute hondamendiari aurre egitean estatuaren eta erkidegoaren instituzioen artean izandako batasuna eta koordinazioa.

Sanchezek bertan behera utzi du ostegunera arteko agenda instituzionala, eta, hortaz, ez du bilerarik egingo Espainiako kongresuan ordezkaritza duten alderdiekin. Halaber, Espainiako Gobernuko iturriek esan dutenez, bihar ez da joango Davosera (Suitza); Munduko Ekonomia Foroaren (WEF) 56. ekitaldia egingo dute han, gaurtik hilaren 23ra bitartean, eta bihar zen joatekoa Espainiako presidentea.

Minutu bateko isilunea

Sanchezek ez ezik, Espainiako instituzio publiko nagusiek ere bertan behera utzi dute gaurko jarduna, eta 12:00etan minutu bateko isilunea egin dute biktimen oroimenez. Hego Euskal Herriko erakunde batzuek bat egin dute deialdiarekin, hala nola Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko udalek eta Nafarroako Gobernuak. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak doluminak eman dizkiete hildakoen senideei, eta elkartasuna agertu diete haiei eta zaurituei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.