Gutxienez 40 lagun hil eta dozenaka zauritu dituzte Iraken

Xiitak gehiengo diren auzoetan egin dituzte erasoak, Bagdaden; erasoak ez ditu inork bere gain hartu

Erredakzioa
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Gutxienez 40 lagun hil zituzten atzo, Bagdad hiriburuan egindako hainbat erasotan. Iturri ofizialek aditzera eman dutenez, 70lagundik gora ere zauritu ziren Irakeko hiriburuan. Bagdadeko operazio zentroko bozeramaile Kasem Atak azaldu duenez, atentatuak gehiengoak musulman xiitak diren auzoetan egin zituzten. «Kriminalek zibilen aurkako erasoak egin dituzte berriro», adierazi du Atak. Horren hitzetan, atentatuetan hamar bonba-auto erabili zituzten; halaber, haien jatorria zehazterik izan ez duten beste hiru leherketa ere izan ziren. Besteak beste, Kazemija auzoan; hor xiiten santutegi garrantzitsu bat dago. Hor ez ezik, Moktada al Sadr buruzagi erlijioso xiitaren gotorlekuan ere gertatu ziren eztandak.

Atzokoa egun beltza izan zen irakiarrentzat. Haatik, urtea hasi zenetik izan da okerragorik herrialde arabiar horretan. Iragan abuztuaren 25ean, izan ere, 64 lagun hil ziren eta berrehundik gora zauritu zortzi probintziatan egindako dozena bat erasotan. Herenegun, bestalde, 58 lagun hil zituzten Bagdaden, eliza katoliko baten aurka egindako erasoan. Azken atentatu hori Al Kaedak hartu zuen bere gain. Atzoko erasoen egileak zeintzuk diren, berriz, ez da oraindik argi.

Bestalde, Bagdaden ez ezik, Irakeko beste hainbat tokitan ere hainbat atentatu egin zituzten. Dijalan hiru polizia hil zituzten eta beste bi zauritu. Tikritetik hamabost kilometro ekialdera, berriz, beste polizia bat zauritu zuten.

Gutxiengoen alde

Europako Parlamentuko presidente Jerzy Buzek herenegungo sarraskian hildakoen senitartekoei dolumina eman zien. Horrez gain, Irakeko Gobernuari gutxiengoak babesteko neurriak hartzeko eskatu dio. «Aldeak edozein izanda ere, terrorismoa ez da erantzuna. Irakentzat etorkizun baketsua eraikitzeko bide bakarra elkarrekiko errespetua da», adierazi du Europako Parlamentuko presidenteak. Buzekentzat gaitzesgarria da zibilak gatibu gisa hartzea eta gero hiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.