Irandik ekialdera ere ez da bakerik. Pakistanek airetik eraso egin zion herenegun gauean droga mendekotasuna dutenentzako Kabulgo errehabilitazio zentro bati, eta gutxienez 400 pertsona hil zituen eta 250 inguru zauritu. Hori jakinarazi zuten atzo Afganistango Gobernuko iturriek. Islamabadek, baina, «gertakariak desitxuratzea» egotzi zion Kabuli, eta adierazi zuen Pakistango talibanek eraso egiteko materiala zutela han, eta hori suntsitzea zuela helburu erasoak. Kontuak kontu, koska bat estutu da bi herrialde mugakideen arteko gatazka.
Afganistango iturri ofizialek jakinarazi zutenez, hildako gehienak osasun zentro horretan tratamendua jasotzen ari ziren pazienteak dira. Afganistango hedabideek eta nazioarteko berri agentziek zabaldutako irudietan ikus daiteke instalazioa txikituta geratu dela. Reuters berri agentziak tokiko iturriak aipatuz atzo jaso zuenez, droga mendekotasuna dutenentzako zentroan base militar bat zegoen lehen.
Hain zuzen, Pakistango Informazio Ministerioak X sare sozialean nabarmendu zuenez, erasoen ondoren toki horretan gertatutako eztandek «argi» erakusten dute munizioen biltegi bat ere bazela osasun zentroa. Islamabaden esanetan, Afganistango talibanek Pakistangoak babesten dituzte, baita militarki lagundu ere; Kabulek, baina, ukatu egiten du hori; neurri handi batean, horrek berak piztu du bi herrialdeen arteko gerra azkeneko hilabetean.
Pakistanek gerra deklaratu zion Afganistani otsailaren 27an, eta elkarri eraso egiten hasi ziren bi aldeak —2.600 kilometro inguru ditu bien arteko mugak—. Azken egunetan ematen zuen tentsioak apur bat behera egin zuela, harik eta Kabulek herenegun esan zuen arte bi aldeek elkarri tiro egin ziotela mugan artilleria erabilita. Ordu batzuk geroago egin zioten eraso Kabulgo osasun zentroari; azken asteetan Pakistanek Afganistango hiriburuari egindako hirugarren erasoa da, hain justu.

AFP France-Press berri agentziak hango langile baten hitzak jaso zituen atzo, eta hark adierazi zuen aireko erasoen kontrako artilleriako tiroak egin zituztela osasun zentroaren bueltan zeuden militarrek. «Horiek tiro egin zutenean, hegazkinak bonbak jaurti zituen, eta ondoren sute bat piztu zen». Nazioarteko zenbait berriemailek argitaratu dutenez, erreskate taldeek lanean segitzen dute.
India, talibanekin
Txinak esan du azkeneko asteetan bitartekari aritzeko prest dagoela, eta atzo esan zien aldeei «moderazioz» jokatzeko. Eta Atzerri Ministerioko bozeramaile Lin Jianek eskaera argia egin zien: ahalik eta azkarrena hitz egin dezatela beren artean; su eten bat ezar dezatela; eta elkarrizketaren bidez konpon ditzatela beren arteko arazoak. Prentsaren aurrean azpimarratu zuen, bide batez, Txinako agintariek eskatu dietela Afganistangoei eta Pakistangoei bermatu ditzatela Txinak lurralde horietan dituen «interesak».
Afganistanen giza eskubideak nola dauden aztertzen duen NBE Nazio Batuen Erakundearen kontalari Richard Bennettek esan zuen atzo «atsekabetuta» dagoela, eta sare sozialetan idatzitako mezu batean eskatu zien bi aldeei tentsioa arintzeko eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko: «Barne hartuta zibilak eta ospitaleen gisako instalazioak».
Indiak, bestalde, «sarraskia» salatu du. «Indarkeriazko ekintza koldar eta onartezin bat da, eta inondik inora ezin da justifikatu helburu militar gisa. Pakistanek modu horretan nahi du mozorrotu», azpimarratu zuen atzo Atzerri Ministerioak, ohar batean. Indiak etsaitzat dauka Pakistango bizilaguna, eta azken hilabeteetan, gainera, harremanak hobetu ditu talibanekin —horiek New Delhin izan ziren urrian, bisita ofizialean—. Horiek horrela, ez dirudi aldeek erasoak etengo dituztenik. Pakistanek esan du gutxienez «terrorismoaren kontrako operazioekin» jarraituko duela.
Elkarri egindako eraso batzuen ondoren, bi aldeek menia bat sinatu zuten urrian —Qatar eta Turkia aritu ziren bitartekari—, zeinaren arabera Pakistanek konpromisoa hartzen zuen erasoak eteteko, Kabulek Pakistango talibanak ez babestearen truke. Tregoak ez zuen askorik iraun. Militarki, Pakistan askoz ere indartsuagoa da: 600.000 soldadu ditu; Afganistanek, berriz, 170.000 inguru.