Mundua

Gutxienez 41 dira Istanbulgo atentatuan hildakoak, eta 239 zaurituak

Gobernuko iturriek zabaldu dutenez, ustez atentatua egin duten hiru lagunak Ataturk aireportuan sartzen saiatu ziren, baina poliziek aurre egin zieten. Nazioarteko hegaldien terminalean bertan tiroketa izan zen, eta, gero, atentatugileek gorputzean lotuta zeramatzaten lehergailuak zartarazi zituzten. Atentatua inork ez du bere gain hartu, baina Istambulek EI egin du erantzule.

2016ko ekainaren 29a
07:43
Entzun

21:30 aldean gertatu zen atentatua, atzo. Lekukoen arabera, hiru leherketa eta tiroketa bat gertatu ziren aireportuaren aparkalekuan eta sarrerako terminalean. Zaurituak 239 direla eta gutxienez 41 pertsona hil direla zabaldu dute —13 atzerritarrak dira, eta hiru, atentatugileak—. Inguruak itxi egin zituzten soldadu eta poliziek, eta hegaldiak eten. Anbulantzia ugari joan zen aireportura, eta zauritu asko taxietan eraman zituzten ospitaleetara. Gaur goizean ireki dute aireportua berriz, hegaldi gutxi batzuekin.

Erasotzaileak ahalegindu ziren aireportu barrura sartzen, baina Polizia haiek geldiarazten hasi zen, eta orduan gertatu ziren leherketak, gobernuaren arabera. Justizia ministroak aipatu zuen hiru "terrorista" izan direla erasoan parte hartu dutenak, baina, lekuko batzuen arabera, baliteke lau ere izatea.

Inork ez du atentatua bera gain hartu oraingoz, baina Binali Yildirim Lehen ministroak Estatu Islamikoa jo du erantzuletzat.

Istanbulgo beste aireportuari, Sabiha Gokcen izenekoari, 2015eko abenduan egin zioten eraso. TAK Kurdistan Askatzeko Belatzak taldeak hartu zuen bere gain eraso hura. Garbiketan lan egiten zuen emakume bat hil zen orduan. Turkian beste hainbat atentatu egin ditu azken urtean TAKek: 2016ko martxoan bost lagun hil eta 36 zauritu zituzten Istanbulen bertan, merkataritza gune baten aurrean atentatua eginda; ekainean, poliziaren autobus baten kontra egin zuten eraso suizida, eta 11 pertsona hil.

Iazko uztailetik, eraso gehiago ere jasan ditu Turkiak. Azken urtebetean, Estatu Islamikoak 32 lagun hil ditu Suruçen, 102 Ankaran eta 12 Istanbulen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.