Indonesiako Tangerang hiriko espetxean piztutako sutean, gutxienez 41 preso hil dira, eta beste 80 inguru zauritu —zortzi, larri—, Poliziaren arabera. Kartzelako arduradunek jakinarazi dutenez, litekeena da instalazio elektrikoaren zirkuitulabur batek eragin izana ezbeharra. Sutea gaur goizaldean piztu da, eta suhiltzaileek ordu eta erdi inguru behar izan dute sua kontrolatzeko.
Justizia Ministerioak jakinarazi du ikerketa bat hasi dutela gertatutakoa argitzeko. Horrez gain, halako ezbeharrik errepikatu ez dadin lan egiteko asmoa adierazi du Yassona Laoly Justizia ministroak, espetxea bisitatu ostean.
Tangerangeko espetxea, Jakartatik hogei kilometro ingurura kokatua, 600 preso jasotzeko prestatua dago, baina sutea piztu denean 2.000 baino gehiago zeuden han. Zehazki, su hartu duen blokean gutxienez 122 lagun zeuden, gehienak droga salerosketarekin eta kontsumoarekin lotutako presoak. Laolyk jakinarazi duenez, hildako presoetako bat «terrorismo delituengatik» zegoen preso, eta beste bat, hilketa bategatik. Horrez gain, azaldu dute hildakoen artean portugaldar bat eta hegoafrikar bat daudela. Halere, autoritateek ez dute informazio gehiago eman, eta ez dute ezeztatu hildakoen artean, presoez gain, espetxeko langileak ere egotea.