Homosexualak elkartzen diren lokal batera sartu, eta festan zebiltzanen kontra tiro egin du gizonezko batek, rifle bat eskuetan. Zaurituak daudela zabaldu dute berri agentziek, baina ez dute esan zenbat. Orduek aurrera egin ahala, "gutxienez hogei hildako" daudela berri eman du Poliziak. Geroago esan dute hildakoak 50 direla. Zaurituak ere asko dira.
Poliziak ere tiro egin du, eta jakinarazi du erasotzailea hilda dagoela. "Poliziarekin izandako tiroketan hil da", esan du John Mina poliziaburuak. "Gutxienez bederatzi poliziak parte hartu dute tiroketan".
Lekukoen arabera, anbulantzia asko eta suhiltzaileak izan dira diskotekan, eta hainbat zauritu eraman dituzte bertatik. Hogei zaurituri buruz hitz egin dute hasieran, baina berrogei aipatu ditu WFTV telebistak.
"Leherketa kontrolatu bat" ere izan dela esan du Poliziak bere Twitterreko kontuan. Ez dute esan leherketa hori nork eragin duen, baina erasotzaileak lehergailuak zeuzkala uste du Poliziak.
Poliziak 20 urteko gizonezko bat egin du erasoaren susmagarri nagusi. Ustezko erasotzailearen aitak homofobia jo du erasoaren hipotesi nagusitzat. Haren arabera, joan zen hilean bere onetik aterata ibili zen Miamin bi homosexual muxuka ikusi zituenean.
"Barkamena eskatzen dugu. Ez genekien halako ezer prestatzen ari zenik. Ahoa bete hortz gaude, gainerako guztiak bezala", esan du NBC Newsen.
Nolanahi ere, Al Jazeerak berri eman duenez, Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatua. Amaq berri agentzia aipatu du iturri gisa Al Jazeerak, baina EIk ez du ofizialki halako adierazpenik egin.
NBC Newsek esan du erasogileak tabernara sartu aurretik larrialdietara deitu duela, "Estatu Islamikoarekin leial" dela esanez.