Afganistan

Gutxienez 57 dira Kabulgo eraso suizidan hildakoak

Hautesleku batean bonba bat zartarazi zuten atzo, urriko bozetarako prestakuntzak egiten ari zirenean. Hazara etniako biztanleak nagusi diren barruti batean egin zuten atentatua. Estatu Islamikoak hartu du bere gain.

Atzoko atentatun hildako biktima baten hileta, gaur, Kabulen. JAWAD JALAL / EFE
mikel rodriguez
2018ko apirilaren 23a
13:26
Entzun

"Badirudi erasoarekin geldiarazi egin nahi zutela Afganistango herritarrek hauteskundeetan parte hartzeko duten eskubide konstituzionala", adierazi du Tadamichi Yamamoto NBE Nazio Batuen Erakundeak herrialde horretan duen ordezkariak. Urrian parlamenturako hauteskundeak egitekoak dituzte, eta Daxt-e Bartxi barrutiko hautesleku horretan herritarrentzako nortasun agiriak ematen ari ziren botoa emateko izen eman zezaten. Najib Danex Barne ministroaren arabera, une horretan pertsona bat gerturatu zen hauteslekura, eta gainean zeramatzan lehergailuak zartarazi zituen. 57 lagun hil, eta 119 zauritu zituen.

Daxt-e Bartxin hazara etniakoak dira biztanle gehienak, eta hazara gehienak xiitak dira —eta Afganistango xiita gehienak hazarak dira—. Erasoa EIk bere gain hartu duenez, atentatuak izaera sektarioa izan duela uste dute agintariek. Urriaz geroztik ehundik goiti hazara hil dituzte halako atentatutan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.