Irak

Gutxienez 65 lagun hil dituzte bonba-auto baten bidez Kerbalan

Zaurituak 70 bat dira. Xiiten bilgune den Hussein imamaren hilobiaren ondoan zartarazi du ibilgailua ekintzaile suizida batek. Biktimetako asko umeak dira. Bagdaden, beste eraso batean, gutxienez zortzi lagun hil dituzte. Aste guztian etengabekoak izan dira Iraken atentatu handiak.

2007ko apirilaren 14a
16:20
Entzun
Gutxienez 65 hildako eta 70 zauritu inguru utzi ditu ekintzaile suizida batek Kerbalan zartarazi duten bonba-autoak. Jende asko zebilen inguru batean lehertarazi du, azoka batetik hurbil, eta egunero Hussein imamaren hilobira joaten dira milaka xiitak autobusa hartzen duten geltoki ondoan. Hildakoetako asko umeak direla agertu du Al Irakija telebistak. Kerbala xiiten hiri santuetako bat da, arestian aipatu bezala, Hussein imamaren hilobia -Mahomaren biloba- han dagoelako.

Dena den, ez da hori izan gaur goizean Iraken egin duten atentatu handi bakarra. Aitzitik, Bagdaden beste bonba-auto bat lehertarazi dute Jadrija zubiaren ondoan, eta zubia bera hondatzeaz gain, zortzi lagun hil ditu. Aste honetan bertan Sarafijako zubia, Bagdadeko zubi nagusia, zartarazi dute.

Izan ere, aste honetan asko izan dira Iraken zehar erreboltariek egin dituzten eraso handiak. Gainera, zenbaitzuk AEBetako eta Irakeko indarren segurtasun neurriakauzitan jarri dituzte. Esaterako, ostegunean Irakeko Legebiltzarreko kafetegian bonba bat zartarazi zuen ekintzaile suizida batek, diputatu bat hilaz. Legebiltzarra Bagdadeko eremu berdean dago, ustez Irak osoko gune kontrolatu eta seguruenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.