Lahoretik Karatxirako bidea egiten zuen Airbus A320 motako hegazkinak, baina lurreratu baino minutu batzuk lehenago arazo teknikoen berri eman zuen pilotuak, eta, handik gutxira, Karatxiko aireportutik gertu erori da, etxebizitza inguru batera.
Orotara 99 pertsona zihoazen airekoan: 91 bidaiari eta eskifaiako zortzi kide. Osasun Ministerioaren azken datuen arabera, 73 dira hildakoak, 25 zaurituak eta bi onik irten direnak. Zaurituetako gehienak, hala ere, hegazkina erori den inguruan bizi diren herritarrak dira.
Aire kontrolatzaileen arabera, aireratu eta ordu eta erdira galdu zuten pilotuarekiko harremana. Horren aurretik, aparatua indarra galtzen ari zela jakinarazi zuen pilotuak, eta handik minutu gutxira egin zuen laguntza deia. Istripuaren zergatiak ikertzen ari dira segurtasun indarrak.