91 pertsona hil eta 41 inguru desagertu dira Texasko uholdeetan, Ameriketako Estatu Batuetan. Datuak ez dira zehatzak, euriteak gertatu zirenean Independentzia Eguna ospatzen ari baitziren eta kanpotar ugari baitzegoen. Larrialdi zerbitzuak eta boluntarioek biktimen bila jarraitzen dute.
Gutxienez 28 gorpu identifikatu gabe daude oraindik. Udaleku batzuetan zeuden hamar haur eta begirale bat oraindik ez dira agertu. Biktima gehienak estatuaren erdialde-hegoaldeko Kerr udalerrian zeuden euriteak hasi zirenean. Horietatik berrogei helduak dira, eta 28, berriz, adin txikikoak.
Igandean berriz ere euria izan bazen ere, martxan jarri zituzten berreraikitze lanak. Besteak beste, hondakinak baztertu eta errepideak irekitzen hasi ziren. Kamioiak, helikopteroak, itsasontziak, txakurrak eta zaldiak baliatzen ari dira bilaketa eta garbitze lanetan.
Donald Trump presidenteak larrialdi egoera ezarri du hondamendi naturalagatik. Horrela, FEMA Larrialdiak Kudeatzeko Agentzia Federala lanean has daiteke.