Beste bederatzi hildako eta dozenaka zauritu izan dira Bolivian, Cochabambatik hamahiru kilometrora dagoen Sacaba hirian. Kokaleroen protesta baten kontra oldartu dira Polizia eta armada, eta istilu larriak izan dira. Arartekoaren Cochabambako ordezkari Nelson Coxek adierazi duenez, indar armatuen esku hartzea «neurrigabea» izan da, eta aurreko egunetan ere bala zaurituak izan direla gaineratu du.
Ostiralez gertatu dira Cochabambako hilketa horiek, Euskal Herrian larunbat goizaldea zenean. Bederatzi hildakoez aparte, 115 lagun gutxienez zauritu dituzte, horietatik gehienak balaz. Coxek azaldu du balaz zauritutako manifestariak hainbat ospitaletara eraman dituztela, baina batzuk bidean zendu direla. Salatu du, gainera, Poliziak eta armadak kontroletan geldiarazi dituela zaurituak garraiatzen ari ziren anbulantziak.
Aldiz, Boliviako Poliziak esan du manifestariek «armamentu hilgarriarekin eta suzko armekin» egin dietela eraso, Cochabamba eta Sacaba arteko Huayllani zubian. Polizia ofizialetako baten iritziz, manifestariek eurek eragin dituzte hildakoak. «Uste dugu bigarren lerrotik egin dutela tiro, eta euren kideak zauritu dituztela». Evo Morales kanporatu duen gobernuak tesi hori indartu nahi izan du; forentseek ikertuko dutela jakinarazi du, baina ez du aukera galdu bertsio are nahasgarriagoak zabaltzeko: manifestariek eurek zauritu dituztela manifestariak, «nahita» eragindako istilua izan litekeela, atzerriko jendea izan litekeela...
Kokaleroak La Pazera bidean doaz, Evo Morales presidente ohiaren alde manifestatzera, eta ostiralean Cochabambara iristen ahalegindu ziren. Herrialdean martxa ugari egiten ari dira egunotan indigenak, nekazariak, meatzariak, langileak... Poliziak eta Armadak, baina, ez zieten hirira sartzen utzi, eta kanpoaldean jarri zituzten kontroletan geldiarazi zituzten.
Moralesek herritar talde horien aurkako errepresioa salatu du, eta Boliviako Poliziari eta armadari eskatu die «sarraskia» eteteko. Haren esanetan, herrialdea bake egoera batera eramateko modu bakarra eragile politiko guztien arteko bilera egitea da. Ohartarazi du Bolivian piztu den protesta mugimendua «diktadurarekin eta estatu kolpearekin amaitu artekoa» dela.
Cochabamban bakarrik ez, istiluak izan dira La Pazen eta El Alton ere. La Paz eskualdeko nekazari ugari bildu da bi hiri horietan, bere burua herrialdeko presidente izendatu duen Jeanine Añezen gobernuaren kontra. Istilu larriak izan dira han ere manifestarien eta Poliziaren eta armadaren artean. Gutxienez, 110 lagun atxilotu dituzte.
Bestelakoa izan da irudia Potosi hirian. Nekazariak inolako arazorik gabe sartu dira hirian, eta bizilagunek txaloka hartu dituzte. Omar Veliz Potosiko gobernadoreak —Evo Moralesen MAS alderdiko kide denak— «lasaitasun handiz» manifestatzeko eskatu zien, eta hala egin dute. Wiphala, Boliviako ikurrak eta bandera zuriak erakutsi dituzte manifestazioan.
Moralesek estatu kolpea salatu eta presidente kargua utzita Mexikora erbesteratu denetik, 22 hildako eta 500 zauritu baino gehiago izan dira protestetan.
Larunbat honetan, NBE Nazio Batuen Erakundearen ordezkaritza ailegatu da Boliviara. Jean Arnault izendatu dute misiorako, eta Añez presidente autoizendatuarekin bilera egin du, eta datozen egunetan Boliviako eragile ugarirekin biltzeko asmotan da, baina ez du argitu zer egutegi dakarren eta norekin elkartuko den. «Krisiari irtenbide baketsu bat» emateko bide politikoak «bizkortu» nahi dituela adierazi du Arnaultek, eta elkarrizketak hastea «presazkoa» dela erantsi du.