Gutxienez bost lagun hil dituzte Pakistanen menpeko Kaxmirren, bozen harira izandako protestetan

Protestarien eta sindikatuen arabera, hogei pertsona hil zituzten atzo segurtasun indarrek, eta «hauteskundeei boikot» egitea eskatu dute.

Botoak kontatzen Pakistanen menpeko Kaxmirreko Mirpur hirian, atzo. AMIRUDDIN MUGHAL / EFE
Botoak kontatzen Pakistanen menpeko Kaxmirreko Mirpur hirian, atzo. AMIRUDDIN MUGHAL / EFE
2026ko uztailaren 28a
15:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tentsioak ez du etenik izan azken egunetan Pakistanen menpeko Kaxmirren. Eskualdeko hiriburuan, Muzaffarabaden, manifestazioek eta protestek aurrera egin dute, eta segurtasun indarren eta herritarren arteko liskarrak areagotu egin dira. Tokiko agintariek eta iturri ofizialek adierazi dute gutxienez bost lagun hil eta dozenaka zauritu dituela Poliziak, protestariak sakabanatzeko egindako kargetan eta erantzun militarretan. Nolanahi ere, manifestazioen antolatzaileek eta tokiko ekintzaileek salatu dute askoz biktima gehiago izan direla, eta «giro nahasi» horretan gutxienez hogei pertsona hil direla esan dute. Bizimoduaren garestitzea, argindarraren zein elikagai oinarrizkoen «prezioen gorakada», zerga berriak ezartzea eta oinarrizko eskubide zibilen urraketak salatu dituzte manifestatzaileek eskualde osoan.

Giro horretan ekin zieten atzo Pakistanen menpeko Kaxmirreko hauteskundeei. Hiru egunetan egingo dituzte, abuztura bitartean. Manifestazioen deitzaileek eta hainbat eragile politikok osatutako aliantzek uko egin diote hauteskunde prozesuari, eta herritarrei «boikot aktiboa» egiteko deia egin diete. Eragile politiko horien ustez, bozak atzeratu egin beharko lirateke, eta manifestarien «eskaera sozioekonomikoei eta politikoei» erantzun beharko litzaieke hauteskundeak egin aurretik. Gainera «prozesuaren zilegitasuna bera zalantzan» dagoela gehitu dute.

Halere, Pakistango Gobernuak eta eskualdeko agintariek bozketa egunei eustea erabaki zuten, eta esan zuten polizien, indar paramilitarren eta armada unitateen hedapen militar zabala ezarriko zutela, hauteskundeen «segurtasuna bermatzeko asmoz». Segurtasun neurri horiek ez dute lortu kaleko tirabirak etetea.

Hauteskundeen azken emaitzari eta datorren gobernuaren osaketari dagokionez, zeresana emango dute legebiltzarreko hamabi eserlekuk. Indiaren menpeko Kaxmirretik hara joandako pertsonek erabakitzen dute zer ordezkari politiko jarriko diren eserleku horietan, eta, hain zuzen, eserleku horiek kentzea eskatu dute protestariek. Eserleku horiek garrantzia dute legebiltzarreko gehiengoak osatzeko orduan, eta alderdi politiko nagusien arteko lehia eta tirabiren erdigunea bihurtu dira. Salaketa askoren arabera, hamabi eserleku horiek alderdi handienen intereseko tresna gisa erabiltzen dira, eta iruzur salaketek nahiz banaketa administratiboaren gaineko desadostasun historikoek are gehiago berotu dute lehenagotik zetorren krisi politikoa. Azken hilketek eta hauteskunde prozesuaren inguruko zalantzek areagotu besterik ez dute egin krisi instituzionala. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA