Tiroketa batean bost pertsona hil dira Stade hirian, Hanburgotik gertu (Alemania). Horren berri eman du hango Poliziak, sare sozialetan. Jakinarazi duenez, adingabeei laguntzeko zentro batean gertatu da tiroketa. Ez du zehaztu zerk eragin duen, eta gaineratu du beste zenbait lagun zauritu ere egin direla. Bi pertsona atxilotu dituzte tiroketarekin zerikusia dutelakoan; horietako bati egozten diote tiro egin izana.
Polizia operazio bat egiten ari da hiri osoan —50.000 biztanle inguru ditu—, eta herritarrei eskatu die ez daitezela joan tiroketa gertatu den kalera, Dankersstrassera. Adierazi du, halere, ez dagoela herritarrentzako «arriskurik».
DPA Alemaniako berri agentziak Poliziaren iturriak aipatuz kaleratu duenez, zauritu batzuk larri daude, eta hildako kopurua handiagoa izan daiteke.