Afganistandik eta Irandik abiatu eta Turkiara heltzea lortu zuten. Hurrengo pausoa, Egeo itsasoa zeharkatuz, Greziara iristea zen. Baina aurretik beste askori gertatu moduan, bidean geratu ziren. Kostazainek bart jaso zuten abisua, eta iheslarietatik bederatzi bizirik ateratzea lortu zuten, beste bostek ez zuten zorterik izan. Hil diren horietatik hiru haurrak dira.
Hain zuzen ere, gaur biltzekoak dira Europako Batasuneko 28 estatu kideetako barne ministroak Brusela eta Ankararen arteko akordioaz hitz egiteko. Turkiak onartu du bere lurretatik Greziara "modu irregularrean" igarotzen diren etorkinen ardura bere gain hartzea, baina trukean Batasunean sartzeko prozesua azkartzeko urratsak egiteko eskatu du. Horixe izango dute gaur aztergai. Horretaz gain, eztabaidagai izango dute Balkanetako zenbait herrialdek mugak itxi izanak eragin duen krisia ere.
Gobernuz kanpoko erakundeek salatu egin dute Bruselak errefuxiatuen krisian hartu duen jarrera, eta batez ere Europako Batzordeko presidente Donald Tusken adierazpenak. Tuskek txalotu egin du Balkanetako estatuen erabakia. "Eskertzekoa da Balkanetako herriak EBren estrategia integrala betetzeko egiten ari diren ahalegina". Aldiz, Alemaniako kantziler Angela Merkelek gaitzetsi egin du erabakia "aldebakarrekoa" izan delako, eta testuinguru "zailean" jarri duelako Greziako Gobernua: "Egia da mugak itxi izanak gurera errefuxiatu gutxiago heltzea ahalbidetzen duela; baina estuasunean jartzen du Grezia. Horregatik guztiagatik da beharrezkoa Turkiarekin hitzartu dugun akordioa".
Beste bideak
Balkanetako estatuek mugak itxi izanak beste bide batzuk ezabatzearen inguruko kezka handitu du. Turkiatik eta Greziatik Europara sartzeko bi alternatibetako bat izan daiteke itsasoz Italiara joatea. Hango Barne ministro Angelino Alfanok baztertu egin ditu zurrumurruok, baina iragarri du datozen egunetan Albaniako Barne ministroarekin bilduko dela badaezpadako "segurtasun neurriez" hitz egiteko, eta nabarmendu egin du Turkiarekin hitzartutako akordioa "lehenbailehen" indarrean sartzearen beharra.