IRAK

Gutxienez ehun hildako Iraken, sute batean

Ezkontza bat ospatzen ari ziren areto batean izan da; lehen ikerketen arabera, su festa baten ondorioz. Berrehun lagun baino gehiago zauritu dira.

Suteak Mosul (Irak) inguruko areto bat kiskali du. EFE
Igor Susaeta.
2023ko irailaren 27a
11:41
Entzun

Ezkontza batean zeudela, sute bat gertatu da gaur goizaldean Irakeko Mosul hiritik gertu, eta, horren ondorioz, gutxienez ehun lagun hil dira, eta berrehun baino gehiago zauritu. Irakeko Barne Ministerioak adierazi duenez, egoera «kontrolpean» dago. Defentsa Zibilak egindako lehen ikerketen arabera, ezkontza egiten ari ziren aretoaren barruan su festa bat egin izanaren ondorioz piztu da sutea.

Iturri horrek berak jakinarazi duenez, aretoak plastikozko panel batzuk zituen sabaian, «oso sukoiak». Defentsa Zibilak nabarmendu du debekatuta dagoela horiek erabiltzea gisa horretako eraikinetan, eta ohartarazi du ez zuela ez alarmarik, ezta suteak itzaltzeko sistemarik ere.

Ninive eskualdean, herrialdearen iparraldean, gertatu da Mohammad Xia al-Sudani Irakeko lehen ministroak «istripu» gisa definitutako sute hori. Iturri ofizialek adierazi dute oso azkar hedatu dela, «zeremoniarako aretoaren» zenbait zati «kolapsatu» dituela, eta «kostu txikiko materialak» minutu batzuen buruan eraitsi direla. Gainera, plastikozko materialak erretzearen ondorioz, gas toxikoak hedatu dira aretoan, eta horregatik ere artatu dute jendea.

Ez dago argi zenbat jende zegoen aretoan sutea piztu zenean, baina era horretako zeremonietan herritar askok parte hartu ohi dute Iraken. Ekialde Hurbileko herrialde horretan, nahiko ohikoa da instalazioetan suteak gertatzea; batez ere udan, tenperaturak asko igotzen direnean —iragarrita dago datozen egunetan 39 gradukoa izatea tenperaturarik altuena Mosulen—. Gainera, aintzat hartu behar da instalazioak, oro har, kaskartuta daudela, herrialdean azken hamarkadetan nozitu izan dituzten gerrak eta indarkeria medio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.