Errusiak gutxienez hamabi pertsona hil ditu Ukrainan egindako beste erasoaldi batean

Misil batek hamar zibil hil ditu Kharkiv eskualdean. Zelenski: «Dudarik gabe, erantzun egingo dugu».

Ukrainako armadako bi militar droneen aurkako sareak jartzen, atzo, Donetsk eskualdean. TOMMASO FUMAGALLI / EFE
Ukrainako armadako bi militar droneen aurkako sareak jartzen, atzo, Donetsk eskualdean. TOMMASO FUMAGALLI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko abuztuaren 18a
13:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ukrainako gerra konpontzetik urrun dago, eta azken asteetan gogortzen ari dira bi aldeen arteko erasoak. Gaur, Errusiako armadak gutxienez hamabi pertsona hil ditu Ukrainan zehar egindako eraso batzuetan. Larriena Kharkiv eskualdean egindakoa izan da, Ukrainako ipar-ekialdean. Han, misil batek hamar zibili hil ditu Petxenihi herrian, eta zortzi lagun zauritu dira. Gainera, drone batek beste bi lagun hil ditu herrialdearen hegoaldean, Zaporizhia eskualdean.

«Dudarik gabe, erantzun egingo dugu», adierazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, sare sozialetan. Zelenskiren arabera, Moskuk eraso dion gunea «jendez beteta» zegoen: «Toki horretan posta bulego bat dago, dendak eta etxeak». Jakinarazi du suhiltzaileek itzali dituztela erasoak eragindako suteak, eta larrialdi zerbitzuak lanean ari direla.

Gainera, Ukrainako presidenteak esan du «oso garrantzitsua» dela aliatuek lagun diezaietela Errusiari «erantzun justuak» emateko. Horrela, Moskuri presio handiagoa egingo dietela gehitu du Zelenskik.

Andri Sibiha Ukrainako Atzerri ministroa ere nazioarteari mintzatu zaio. Kieven aliatuei eskatu die erantzunbeharra exijitzeko Moskuri. Gainera, jakinarazi du «laster» martxan jarriko dutela Ukrainaren aurkako erasoaldia ikertuko duen epaitegi berezi bat, Hagan (Herbehereak) —han du egoitza NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak—. Sibihak gaineratu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak nahiago duela gerra luzatu, su etena onartu ordez, eta, horren ondorioz, Errusiak gero eta ordain handiagoari egin beharko diola aurre: «Zigor gehiago izango ditu, bakartzea, eta kontuak eman beharko ditu egindako krimenengatik».

40.000

Zenbat errubloko isuna jarri dioten errusiar bati droneak eraisteagatik. Volgograd eskualdeko (Errusia) herritar bati 40.000 errubloko isuna jarri diote (405 euro inguru), eskopetarekin hainbat drone eraisteagatik. Etxearen inguruan zebiltzan drone batzuei tiro egin zien gizonak, eta, gero, larrialdietara deitu zuen gertakarien berri emateko. Volgogradeko epaitegi batek ebatzi du gizonak arriskuan jarri duela bere bizia eta bizilagunena, eta, isuna jartzeaz gainera, eskopeta kendu diote.

Moskuk, berriz, aurrera jarraitzen du gerra frontean. Gaur Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, beste bi herrixka hartu ditu Donetsk eskualdean —zatirik handiena Errusiako armadaren kontrolpean dago—. Horrela, gero eta hurbilago daude Dobropiliatik eta Sloviansketik; horiek biak dira, Kramatorskekin batera, Ukrainako armadak Donetsken oraindik kontrolpean dituen gune garrantzitsuenetakoak.

Ukrainak azken asteetan asko areagotu ditu Errusiaren aurkako aireko erasoak, baina Errusiako militarrek, pixkanaka bada ere, aurrera jarraitzen dute gerra frontean. Reuters berri agentziak kaleratu duenez, Kievek Wildberries merkataritza elektronikoko konpainiaren beste zentro bat jo du gaur goizaldean Mosku inguruan, eta hamar lagun inguru zauritu ditu. Gainera, beste zenbait eraso egin ditu Moskuk okupatuta dauzkan guneetan. Krimean, esaterako, erasoaldi horiek elektrizitate itzalaldiak eragin dituzte. Eta Zaporizhia eskualdean, Ukrainako armadak autobus geltoki bat jo du Energodar hirian. Eraso horretan pertsona bat hil dute eta hamabost zauritu Zaporizhian, Moskuk eskualde horretan duen gobernadoreak sare sozialetan jakinarazi duenez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA