Hilaren 4an Sergei Skripal Errusiako espioi ohia eta haren alaba Julia karrikan pozoituta topatu zituzten Ingalaterrako Salisbury hirian. Erresuma Batuko Gobernuak Kremlini egotzi zion erasoa, eta hiru asteotan krisi diplomatiko larri bat sortu du horrek. Londresen Mendebaldeko aliatuek Errusiari presioa handitzea erabaki dute gaur, eta dozenaka diplomazialari kanporatuko dituztela jakinarazi dute. AEBek kanporatu dituzte gehien, eta Errusiak Seattle hirian daukan kontsulatua itxi dute. Sarah Huckabee Sanders Etxe Zuriko bozeramailean arabera, neurri horiek balioko dute "Errusiaren espioitzarako gaitasuna eta isilpeko operazioetarakoa gutxitzeko".
Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak jakinarazi duenez, EBko estatuen erdiek —Erresuma Batuak barne— kaporatu dituzte diplomazialariak. Horrez gain, "hurrengo egunetan edo asteetan" Moskuri zigorrak ezartzea ere aztertuko dute.
"Erantzuna simetrikoa izanen da", erantzun du Kremlinek, Ria Novosti agentziaren arabera. "Datozen egunotan lan eginen dugu herrialde bakoitzari erantzuteko". Erresuma Batuak joan den astean kanporatu zituen Errusiako 23 diplomazialari, eta Moskuk neurri berberarekin erantzun zion.