Gutxienez hamar pertsona hil dira Gazan denboralearen ondorioz

Haizeak kanpadenda ugari eraman ditu, eta artean zutik zeuden zenbait eraikuntza eraitsi. Horien azpian hil dira zenbait herritar, eta beste batzuk harrapatuta daude oraindik. Ohartarazi dute litekeena dela denboraleak asteburua amaitu arte irautea.

Bi haur Gazan, urak hartutako txaboletan. HAITHAM IMAD / EFE
Bi haur Gazan, urak hartutako txaboletan. HAITHAM IMAD / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2025eko abenduaren 12a
11:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gogor jo du Byron izeneko ekaitzak Gazan, eta gutxienez hamar pertsona hil dira azken orduetan. Iturri ofizialen arabera, eraikin batzuk erorarazi ditu denboraleak, eta horrek hildakoak eragin ditu; hotzak berak ere bai. Palestina osoan 1,5 milioi pertsona inguru ari dira bizirauten, hala moduzko karpa edo kanpadenda batzuetan. «Bizileku» horietako asko eta artean zutik zeuden beste zenbait eraikuntza suntsitu ditu ekaitzak.

Meteorologoek asteak zeramatzaten ohartarazten Byron ekaitza Gazara ailegatuko zela. Atzo arratsaldean iritsi ziren lehen astinduak, eta baliteke euriteek eta haizeteek asteburu osoa irautea. Hortaz, egoerak okerrera egiteko arriskuaz ohartarazi dute adituek. Gaza ez dago halako denborale gogor bati aurre egiteko prest, ez baitu horretarako azpiegitura nahikorik, ezta babesleku aproposik ere.

Hamasek eta Defentsa Zibilak adierazi dute ekaitzak are gehiago larriagotu duela Gazako krisia. Hamasen hitzetan, Gazako egoera ikusita, ezinbestekoa da larrialdiko laguntza iristea eta Gazan bizirauten ari diren herritarrei babesleku egokiak ematea. Era berean, urrian Gazarako su etena adostu zutenean laguntza humanitarioko protokoloak ere hitzartu zituzten, eta Israel horiek betetzera «behartu» beharra dagoela nabarmendu du Hamasek ohar batean.

EFE albiste agentziak adierazi duenez, gutxienez hamar eraikuntza eraitsi ditu denboraleak azken orduetan. Bi urtean Gaza etenik gabe bonbardatu ostean, zutik gelditzen diren eraikuntza ugari daude eraisteko arriskuan, eta horixe izan da azken orduetan hildako gehien eragin dituen arrazoia; gutxienez lau pertsona hil baitira horrela. Bir al Najan, adibidez, bi pertsona hil dira eraikin bat gainera erorita, eta beste bederatzi pertsona gelditu dira harrapatuta; oraindik ez dago argi bizirik edo hilik dauden. «Hondakinen artean dauden zaurituak ateratzeko erreskate lanek aurrera dihardute», adierazi du Gazako Defentsa Zibilak.

Hotza izan da beste arrazoi nagusietako bat; izan ere, zenbait haur hipotermiaz hil dira. Horrekin lotuta, NBE Nazio Batuen Erakundeak aste honetan txosten batean adierazi duenez, urrian 9.000 haur baino gehiago artatu behar izan dituzte Gazan desnutrizio akutuak erasanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.