191 pertsona zeramatzan hegazkinak irrist egin du, eta pistatik atera da, Kozhikodeko aireportuan, India hegoaldean. Air India Express konpainiako Boeing 737 hegazkina Dubaitik Kozhikoderako bidea egiten ari zen, eta, eguraldi txarraren eraginez, ezin izan du pistan mantendu. Istripuan, gutxienez hamasei lagun hil dira, tartean pilotua, eta gutxienez 90 bidaiari ospitaleratu behar izan dituzte, hamabost larri. Ezbeharra 19:40ak aldera gertatu da (Euskal Herriko 16:10ak).
«Hamar lagun hil dira, eta gutxienez 90 inguruko ospitaleetara eraman dituzte», adierazi dio hiriko Poliziako zuzendari nagusi A. V. Georgek Efe albiste agentziari. Minutu batzuk geroago, ordea, kopuruak gora egin du. Horrez gain, Poliziak gehitu du «ia bidaiari guztiek» sufritu dutela zauriren bat.
Hegaldian guztira 184 bidaiari zihoazen, horietako hamar haurrak. Horiez gain, tripulazioko sei kide ere bai. Indiako Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren (DGCA) arabera, hegazkina haran batean erori eta bitan zatitu da, pistaren amaieran irristatu ondoren. Suhiltzaileak joan dira ezbeharra gertatu den eremura, istripuak eragindako sutea itzali eta barruan zeudenak ateratzeko.
#AirIndia Express Flight skids off runway at Karipur Airport, Kerala.
— Dipanshu Kabra (@ipskabra) August 7, 2020
On board were 184 passengers in a Boeing 737.
This tragic incident took place at 7:41 pm. Condolences to families of Pilot & 2 passengers who lost their lives. Prayers for others.
Further updates awaited. pic.twitter.com/S5ndrRyWaC
Narendra Modi herrialdeko lehen ministroak atsekabea adierazi du sare sozialen bidez: «Minduta Kozhikodeko hegazkin istripuagatik. Nire pentsamendua euren gertukoak galdu dituztenekin dago. Zaurituak lehenbailehen osa daitezela».
Indiak bertan behera utziak ditu nazioarteko hegaldiak, koronabirusak eragindako osasun krisiaren eraginez. Dubaitik iritsitako hegazkinak, ordea, han zeuden Indiako herritarren aberriratzea zuen helburu.
Ezbeharra gertatu den eremuan euri jasa handiak pairatu dituzte azken egunetan. Gaur bertan, gutxienez hamabost lagun hil dira Keralan, Kozhikode hiriburu duen lurraldean, euriteak eragindako lur jausi baten ondorioz. Beste hainbat herritar ere desagertuta daude.
2010eko maiatzean, 158 pertsona hil ziren hegazkin enpresa beraren beste Boeing 737 batek izaniko istripuan. Kasu hartan ere hegaldiak Dubai zuen jatorri. Helmuga, berriz, Mangaloreko aireportua. Kasu hartan ere hegazkina pistatik atera zen, eta, pilotua hura berriz aireratzen saiatu arren, troka batetik erori zen.