Mexiko

Gutxienez sei pertsona hil dira Mexikon 7,5 graduko lurrikara batean

Oaxaca estatuan izan du epizentroa

Jendea kalean Mexiko Hirian, lurrikararen ostean. MARIO GUZMAN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 23a
21:48
Entzun

Richter eskalan 7,5 graduraino heldu den lurrikara batek astindu du Mexiko erdia eta hegoaldea. Oaxaca estatuan izan du epizentroa, eta agintariek tsunami arriskuaz ohartarazi dute. Lehen datuen arabera, sei hildako eragin ditu, eta lau dira zaurituak.

Crucecita herritik 23 kilometro hegoaldera izan du epizentroa, eta hango 10:30ak inguruan gertatu zen asteartean. Itsas Armadako Idazkaritzaren arabera, lehen lurrikaraz geroztik gutxienez beste 147 erreplika zenbatu zituzten; horietatik gogorrena, 4,6 gradukoa. Epizentroaren inguruan kalte handiak eragin ditu zenbait azpiegituratan eta eraikin, tenplu, ospitale eta etxetan. Oaxaca hirian argindarra moztu dute badaezpada. Oaxacako gobernadore Alejandro Muraten esanetan, berriz, seismoak kalteak eragin ditu COVID-19ak jotako gaixoak artatzen dituen erietxe batean, Huatulco hirian.

El Universal egunkariak aurreratu duenez, Mexiko Hirian bertan ere nabaritu dute lurrikara, nahiz eta, lehen datuen arabera behintzat, hiriburuan ez duen kalterik eragin. Ez da lehen aldia lurrikara batek Mexiko Hiria jotzen duena. Duela hiru urte, 7,1 graduko seismo batek 360 hildako eragin zituen 8,8 milioi biztanle dituen hiriburu horretan. Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak jakinarazi du tsunami arriskuaz, eta kostaldean bizi direnak ebakuatzeko agindua eman du. Ez da halakorik izan, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.