Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile askorentzat ondo merezitako opor hilabetea izan ohi da abuztua, baina aurten ez da hala izango Juan Auz Vacarentzat. Nazioarteko Justizia Auzitegiak duela bi aste eman zuen bere iritzia, herrialdeek klima larrialdiari aurre egiteko betebeharra dutela besteak beste, eta horri buruz hausnartzen ari da Auz Vaca, Herbehereetako Tilburg Unibertsitateko ikertzailea. Hagaren iritzia irmoa izan zen, baina eztabaida da, hain zuzen ere, ea aburu hori ahanzturan galduko ote den. Eta Auz Vacak garbi du: «Ez da edozein iritzi, eta ez da edozein auzitegi. Nazioarteko gorte gorena eta errespetatuena da, eta autoritate handiko iritzi legitimoa da».
Beraz, Auz Vaca ziur da ezetz, ez dela galduko Hagako artxibategian. Uste du nazioarteko hurrengo goi bileretako negoziazioetan herrialdeek konpromiso irmoagoak hartu beharko dituztela isuriak murrizteko. Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmeneko bilerari buruz ari da, Belemen (Brasil) egingo den COP30 biltzarrari buruz, hain zuzen. Aurten, Parisko Akordioan jasota dagoen moduan, herrialde bakoitzak berritu egin behar ditu nazio mailako ekarpen zehatzak (NDC); bost urtetik behin berritzen dira, eta herrialde bakoitzak zehazten du zer urrats egingo dituen berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko eta klima aldaketaren eragina arintzeko.
«Iritzi hau tresna gisa erabili ahal izango dute abokatuek eta ekintzaileek, esaterako, nazioarteko epaiketa bat hasi nahi badute»
JUAN AUZ VACA Nazioarteko Klima Zuzenbidean aditua
Interpretazio «holistikoagoa»
Auz Vacaren ustez, Parisko Akordioak orain arte ez zuen zehazten zer-nolako ekarpenak egin behar zituen herrialde bakoitzak, eta nabarmendu du herrialde askok «anbiguotasun eta malgutasun» hori erabili dutela «kutsatzen jarraitzeko». Aurrerantzean, baina, gauzak aldatu egingo dira: «Orain, Nazioarteko Justizia Auzitegiak dio parametro jakin batzuk existitzen direla, eta estatuek kontuan hartu behar dituztela NDCak diseinatzeko orduan. Parametro horiek, gainera, lotuta daude herrialdeen kutsadura historikoarekin».
Hori dela eta, aurrerantzean ekonomia kutsatzaileenek neurri sendoagoak hartu beharko dituzte, Auz Vacaren hitzetan, eta uste du kontrakoa eginez gero norbanakoek, elkarteek eta bestelakoek aukera izango dutela justiziara jotzeko; hau da, Hagaren iritzia tresna juridikoa izan daiteke klima larrialdian beren betebeharrak betetzen ez dituzten gobernuen kontra egiteko. «Iritzi hau tresna gisa erabili ahal izango dute abokatuek eta ekintzaileek, esaterako, nazioarteko epaiketa bat hasi nahi badute», azaldu du.

Hain zuzen, herrialde kutsatzaile askok lex specialis argudioa erabili dute ardurari ihes egiteko; argudio horren arabera, gai jakin bat arautzen duen lege espezifikoa hartu behar da kontuan, besteen gainetik. Horrela, herrialde kutsatzaile askorentzat Parisko Akordioa da klima larrialdiaren kontra egin beharrekoa arautzen duen lege esparru bakarra. Hagako hamabost epaileek, baina, argudio hori baztertu zuten, eta ebatzi zuten nazioarteko beste itun batzuk ere kontuan hartu behar direla herrialdeen betebeharrak zehazteko: Klima Aldaketari Buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmena, itsasoko zuzenbidea eta giza eskubideen legedia, esaterako. Auz Vacak dio estatuen betebeharrei buruzko «interpretazio holistikoagoa» eman dutela iritzi horren bitartez.
Estatuen barruko eragina
Gizarte zibilak gobernuaren geldotasunaren kontra egiteko aukera ere izango duela uste du Tilburg Unibertsitateko ikerlariak. Hagaren arabera, herrialdeek karbono asko isurtzen duten sektoreak arautu beharko dituzte, eta Auz Vacak azaldu du horrek eragin berezia izango duela erregai fosil asko esportatzen dituzten edo argindarra bereziki erregaiak errez sortzen duten herrialdeetan. «Hala, herrialde batek ez baditu sektore horiek ondo arautzen, argudiatu ahalko da nazioarteko zuzenbidea urratzen ari dela. Eta ekintzaileek edo alderdi berdeek Hagaren argudioak erabili ahalko dituzte auzitara jotzeko», esan du.
Horregatik guztiagatik, Auz Vacak uste du Hagak emandako iritzia ez dela aburu soila, baizik eta garrantzi handiagoa izango duela: «Eragina izango du batez ere erabakiak hartu behar dituztenek —politikariek, legegileek, ekintzaileek, komunikatzaileek...— nola interpretatzen dituzten estatuen betebeharrak. Aktore horietako askok zuzenbidea erabiltzen dute beren jardunerako, argudio juridikoak erabiltzen dituzte, baina ez soilik auziak edo ebazpenak, baita iritziak ere. Eta, beraz, kontsulta iritzi hau tresna eta argudio nahiko sendoa eta legitimoa da ekintza politikoak eta juridikoak bultzatzeko».
Hala ere, Auz Vacarentzat Hagaren iritziak ez du salaketa uholde bat ekarriko, baina «katalizatzaile» bat izango dela iritzi dio, «nazioarteko zuzenbidearen adar ezberdinetako argudioak batuko dituena».