IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenak alerta maila gorena piztu du. Bertan jasotzen diren datuek ikuspegi iluna marraztu dute mende amaierarako, eta gizakia egiten dute %90 gertatzen ari denaren erantzule. Hala, iragartzen dute orain arte eragin diren aldaketen ondorioak mendeetan edo milurtekoetan nabarituko direla: itsasoen azidotasun maila handituz joango da, edota mendietako glaziarrek urtu egongo dira aurrerantzean ere. «Ondorioak okerragotuz joango dira tenperaturak igo ahala; eta zenbait galera ezin izango dira berreskuratu», adierazi du Ed Hawkingsek, Readingeko [Erresuma Batua] Unibertsitateko irakasle eta dokumentuaren egileetako batek.
Herrialdeek euren konpromisoak bete eta mende amaierarako karbono neutraltasuna lortuko balute ere, itsasoaren mailak 28 eta 55 zentimetro egingo luke gora; aldiz, Parisko Akordioak jaso bezala, tenperaturak industria aurrekoekin alderatuta, 1,5 gradu igotzen badira, itsasoak bi eta hiru metro artean egingo du gora datozen 2.000 urteetan, eta hogei metroraino, berriz, tenperaturak bost gradu egiten badute gora. Egungo neurriekin, 2,7 graduko berotzea aurreikusten dute adituek 2100erako.
Atzera begiratuz gero, azken 2.000 urteetan tenperaturak goranzko joera nabarmena izan du; egungo klima, duela 6.500 urtekoarekin parekatzen dute adituek, azken 100.000 urteko garairik beroena jotzen dena. Hala, industria aurreko garaiarekin alderatuta, 1,1 epelagoak dira egungo tenperaturak, eta igoera horretatik 1,07 gradu gizakiaren esku hartzeari egozten dizkiote. Gizakia jotzen dute prezipitazioetan izandako aldaketen eta itsasoaren gazitasuna handitu izanaren erantzule ere.
«Kirolez ariko bagina, esan ahalko genuke atmosferak dopina hartu duela; horrek esan nahi du lehen baino maizago ikusiko ditugula muturreko fenomenoak», azaldu du dokumentuaren aurkezpenean Petteri Taalasek, Munduko Meteorologia Erakundeko presidenteak. Datu esanguratsu bat ere nabarmendu du Taalasek: 1970etik, lurrazaleko tenperaturak azken bi milurteko 50 urteko beste edozein tartetan baino azkarrago igo dira, eta berotzearen ondorioak «munduko txoko guztietan» nabari dira dagoeneko: «Gizakiak zuzeneko eragina du, bai Greziako edo Ipar Amerika mendebaldeko suteetan, baita duela gutxi Txinan eta Alemanian ikusitako uholdeetan ere».
«Gaurko txostena alerta gorria da gizadiarentzat. Indarrak elkarrekin banatzen baditugu saihestu ahal izango dugu klima hondamendia, baina, dokumentuak argi uzten duenez, ez dago denbora galtzeko tarterik, ez aitzakiarik. Dei egiten diet gobernuburu eta interesatu guztiei COP26a arrakastatsua izan dadin», nabarmendu du NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek.
Neurriak berehala
Badira sei urte munduko goi agintarietatik gehienek Parisko Akordioa sinatu zutela. Bertan adostu zuten zenbait neurri hartzea mende amaierarako tenperaturak bi gradu baino gehiago igo ez zitezen, eta ahalegin berezia egitea igoera ez zedin izan 1,5 gradu baino handiagokoa. Azken txostenaren arabera, ordea, aurreikusitako bi testuinguruetatik bakar bat ere ez da beteko, baldin eta berehala neurriak hartu eta karbono dioxido isuriak kolpetik murriztu ezean. Zientzialariek uste dute, egungo joerak mantentze badira 1,5 graduko igoera beranduenez ere 2040rako helduko dela. Hori bera ohartarazi zuen IPCCk 2018ko txostenean, eta berretsi egin du gaurkoan. Gradu eta erdiko berotzeak ondorio larriak eragingo lituzke, eta, besteak beste, muturreko fenomenoak ugarituko, tartean bero boladak, kolpeko eurite handiak edota lehorteak.
Hala ere, adituek ez dute itxaropena galdu, eta nabarmendu dute klima larrialdiak okerrera egitea eragotz daitekeela herrialdeek mende erdirako karbono neutraltasuna lortzen badute, eta aurrez, 2030erako, isuriak nabarmen murrizten badituzte. Karbono neutraltasunera heltzeko estatuek ahalik eta gehiena murriztu beharko lituzkete isuriak, teknologia garbia deritzona erabiliz.