Mundua

Haitiko eremu batzuetan lurrikarak %50eko suntsipena utzi duela dio NBEk

Asteartean izan zen lurrikarak hiru milioi eta erdi laguni eragin die NBEren arabera. Port-au-Prince hiriburuaz gain, Jacmel eta Carrefurgo hiriguneak hagitz kaltetuta daude.

2010eko urtarrilaren 15a
21:42
Entzun
Haitin gertatutako lurrikarak zenbait eremutan %50eko suntsipena utzi duela dio NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Laguntzarako Bulegoak. Aire bidez egindako lehenbiziko ikuskapenaren ondotik jakinarazi dute hori. Port-au-Prince hiriburuaz gain, Jacmel eta Carrefurgo hiriguneak ere hagitz kaltetuta daudela adierazi du NBEk. Nazioarteko Gurutze Gorriaren arabera, Port-au-Princen eraikinen %75 suntsituta daude. Guztira, hiru milioi eta erdi lagun bizi dira kaltetutako eremuan.

Kaltetutakoei laguntza ematea hagitz zaila dela dio Giza Laguntzarako Bulegoak, errepideetan traba anitz baitaude, eta trafiko pilaketak ere handiak baitira. Segurtasun publikoaren egoera, berriz, oraingoz "egonkorra" dela dio. Oinarrizko zerbitzuei dagokienez, ura eta argindar hornidurarik ez dago eta komunikazio gehienek etenda segitzen dute. Port-au-Princeko aireportuak giza laguntzarako eta arlo militarreko hegaldiak hartzen ditu soilik, eta erregai eta zamaketa lanerako baliabideen falta zailtasun nabariak sortzen ari da, Giza Laguntzarako Bulegoaren arabera.

Euskal Herrian astearte arratsa zenean, Richter eskalan 7 graduko lurrikarak astindu zuen Haiti. Hildakoak 50.000 izan daitezkeela dio Nazioarteko Gurutze Gorriak. Rene Preval Haitiko presidentearen eta Jean Max Bellerive lehen ministroaren ustez, ehun milatik goitikoa. Azken zenbaketa OPS Panamerikako Osasun Erakundeak egin du, eta 50.000 eta ehun mila artean direla erran du. Gorpu anitz kaleetan daude oraindik, eta horren ondorioz, epidemia arriskuaz ohartarazi dute. Hobiratutakoak 7.000 dira oraingoz.

Laguntzarako nazioarteko konferentzia martxoan izan liteke, Parisen arabera

Haiti laguntzeko nazioarteko konferentzia martxoan egin litekeela adierazi du Bernard Kouchner Frantziako Atzerri ministroak gaur. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak proposatu zion hori Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteari atzo.

Kouchnerrek martxoan egin litekeela erran arren, ez du zehaztu zein herrialdetan eginen den. "Haitiarrei itxaropena itzultzeko albo batera utziko ez ditugula erakutsi behar diegu, euren etxeak bertze era batera eraikitzea pentsatzen dugula, bertze arau batzurekin", adierazi du.

Ortzegun arratsean Sarkozyk eta Obamak "elkarrekin eta berandutu gabe" lan egitea adostu zuten, "Haitiren berreraikuntza eta garapena" lortzeko. Kanadak eta Brasilek ere bat egin dute ekimenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.